Digitala bai, baina inor eta ezer atzean utzi gabe izenburupean, EITB taldeko langile batzordeek agiri bat zabaldu dute gaur. Hartan, salatu dute EITBren Interneteko plataformak «era opaku eta arbitrarioan» sortzen ari direla. «Formalki, lehiaketa bidez ari dira, araua beteta, baina EITBko zuzendaritza etorkizuneko komunikabide honen eredua kanpora ateratzen ari da, enplegu publikorako sarbidean berdintasun eta gardentasun printzipioak urratuz, eta langileen ordezkaritzari eta Euskal Herriko ikus-entzunezko industriari muzin eginez». Adibide bat jarri dute langileen ordezkariek: kirol ez-profesionalen emisioetarako, Telefonica enpresari zazpi milioi euro eman dizkio EITBk.
EITBko langile batzordeak gogorarazi du hogei urte baino gehiago direla talde publikoa arlo digitalean lanean hasi zela. Eskaintza «oparoa» gehitu dute azkeneko bi urteetan: Primeran, Guau, Makusi, Orain, EITB Kirolak, ETB On, eta orain ETB1 On eta ETB2 On kate digitalak. «Zerbitzu publikoa eta euskara bultzatzea ardatz dituen komunikabide honetako langile gisa, begi onez ikusten dugu etengabeko hobekuntzara eta kontsumo molde berrietara egokitzeko EITB egiten ari den esfortzua. Behar-beharrezkoa da». Baina langileei «kezka» eragin diete zuzendaritzak hartutako erabaki batzuek: «Are gehiago, horien inguruko informazio faltak».
Asteazkenean, ETB1 On katea sortzearen harira, ETB3 haurrentzako euskarazko kanal konbentzionala itxi zuten. «Lehenak gara inguruko komunikabide publikoetan horrelako erabaki bat hartzen. Ikus-entzunezko edukiak ia erabat digitalki kontsumitzen omen dituzte orain haurrek, eta Makusi plataformara bideratu ditugu».
Langile batzordeak erreferentzia egin dio Aldatu Gidoia eta Pantailak Euskaraz talde euskaltzaleek aste honetan eman duten datu bati: Eustaten abenduko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen ia %40tan ez dago telebista Internet bidez ikusteko ohiturarik. «Eta, zenbait iturriren arabera, merkatuan dauden telebista adimendunen %20 ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin».
Hemendik aurrera, ETB1 On kate berriak euskarazko edukiak nazioartean eta mundu digitalean zabaltzen lagunduko duela aitortu dute EITBko langileek. «Baina, trukean, Hego Euskal Herriko haurrek soilik esparru horretan aurkituko dituzte eurentzako edukiak, lehen baino gutxiagotan, alegia». Gogorarazi dute Iparraldeko haurrek ezin dituztela ikusi Makusiko edukien %73.
Artxiboaren galera kritikatu dute
Interneteko plataforma batzuen sorrerak eragindako kalte batzuk ere izan dituzte hizpide EITBko langileek. «Artxibo digitala galtzea ekarri dute zenbait plataforma berrik. EITB Nahieran atarian [ETB On plataforma sortu zutenetik ez da existitzen], telebistan zein irratian ekoitzi zen guztiaren bilduma historikoa kontsulta zitekeen, adibidez. Orain, ordea, ezin da horrelakorik egin Guau plataforman». Azken denboraldia bakarrik entzun daiteke zenbaitetan, eta azken hamabost egunetako edukiak beste batzuetan.
Langileen arabera, EITBk ekoitzitako irratsaioen artxibo digital sakonagoa aurki daiteke Ivoox, Apple Music eta Spotify plataformetan, Guaun baino. Adibide modura jarri dute Osasun etxea eta La mecánica del caracol saio historikoen artxiboak desagertu egin direla EITB Nahieran-etik Guau plataformara jauzi egitean. Bi programa horiek dibulgazio lanagatik sarituak izan direla gogorarazi dute.
ETB On plataforman ere antzeko zerbait gertatzen dela salatu dute: «Herritarren eskura jartzen den EITBren edukien artxibo historikoa urritu egin da».
EITB taldeko langileek argi dute formatuen dibertsifikazioa «ezinbestekoa» dela herritarrengana iristeko. «Eta, sorreratik egin den bezala, kalitatezko informazioa eta entretenimendua eskaintzea ezinbestekoa da». Horregatik, ekosistema digital berrian funtsezkotzat daukate «gardentasun printzipioa» bermatzea. «Baita gure izaerari eustea, sorrera helburuak lehen lerroan jartzea ez ahaztea, gure edukietarako sarbide unibertsala bermatzea, eta urteetan egin den lanari balioa eman eta ikusgai jartzea».