benat erezuma
'Ekografiak'

Campari edan

2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan agertu da prentsaren aurrean Zelenski Ukrainako presidentea, historian lehen aldiz gertatu den zerbaiten berri emateko: unitate militar batek etsaiaren posizio bat hartzea lortu du bakar-bakarrik lurreko droneak erabiliz. Azken hiru hilabeteotan, Ukrainak 22.000 misio baino gehiago burutu ditu soilik lurreko droneak baliatuz, soldaduak erabili beharrean. Orain arte, robotak batez ere esploraziorako edo laguntza logistikorako erabiltzen ziren, baina ikusi da badutela erasorako gaitasuna ere.

Bestalde, aste honetan bertan Europako Batzordeak adierazi du 1.070 milioi euro inbertituko dituela Europako Defentsa Funtsaren 57 proiektu berritan. Inbertsio horien artean dago Stratus proiektua; ekimen horren bidez, drone-multzoentzako adimen artifizialean oinarritutako ziberdefentsa sistema bat garatuko da. Horretarako, Ukrainan pilatutako esperientzia baliatuko da, herrialde hartako azpikontratista baten bidez. Jakina, AEBak ere ez daude geldirik. Dirudienez, Irango gerran RQ-180 dronea erabiltzen ari dira. Drone horrek ez du inolako kargarik eramaten, baina espioitza-lanetarako erabiltzen da, radarrek ezin baitute detektatu. Gaur-gaurkoz, AEBetako espioitza-plataforma ezkutu eta aurreratuenetako bat da.

Testuinguru berean, gogoratzekoa da duela hilabete Txinako CMG Udaberriko Jaialdi ezagunean eskaini zen erakustaldia ere. Bertan, hainbat robot humanoide ikusi ahal izan ziren gaztetxoekin batera arte martzialak praktikatzen. Bideoa ikusi ez baduzu, merezi du Youtuben bilatzea eta begiratu bat ematea. Horrez gain, Txinatik iritsi zaizkigu azkenaldian ehunka dronek gauez egiten dituzten argi-erakustaldien bideoak ere. Irudi horiek guztiak oso atseginak dira, baina buruari pare bat buelta emanez gero, gorputzaldi eskasarekin amai dezakezu: izan ere, horietan erabilitako teknologia bera gerrarako ere erabil daiteke.

Duela mende bat, metrailadoreek eta artilleriaren berrikuntzek Lehen Mundu Gerra zeharo aldatu zuten. Etorkizun hurbilean, robot autonomoen esku utziko dugu etsaia hiltzearen lana. Batek daki zein egoera distopiko ekarriko duen honek guztiak. Seguru asko, ezer onik ez. Bitartean, Mind Enterprises musika talde italiarraren espirituari helduko diogu: musika elektronikoa entzun eta Campari edan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA