Gaurko egun seinalatu honetan, galdera zuzen bat egin nahi dizut: ba al duzu bikote-harremanik? Hala bada, gogoratzen al duzu nola ezagutu zenuten elkar? Zalantzarik gabe, bikotekidea aurkitzeko modua zeharo aldatu da azken urteotan. Stanfordeko Unibertsitateak 2017tik aurrera egindako ikerketek aldaketa hori berresten dute: teknologiak goitik behera eraldatu ditu elkar ezagutzeko moduak. Nahiz eta aipatuko ditugunak AEBetako datuak izan, ondorioak aplikagarriak dira gurean ere.
1960ko hamarkadako datuen arabera, bitartekaritza soziala zen nagusi: bikoteak lagun komunen bidez, eskolan, unibertsitatean, familian edota lantokian ezagutzen ziren. Hurrengo hamarkadatan lagunak eta lantokia gailendu ziren guztien gainetik. 2010etik aurrera, ordea, Internetek gainontzeko bide guztiak zapaldu ditu. Tinder, Grindr, Badoo edota Instagram bezalako aplikazioek klik bakarrera jarri dute beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko aukera, edo gutxienez, saiatzekoa. Gaur egun, AEBetako bikote heterosexual berrien %55 inguruk sarean elkar ezagutzen dute; LGTBI+ kolektiboan, berriz, zifra horrek %80 gainditu du.
Hala ere, aukerak ugaritzeak paradoxa bat dakar: ehunka pertsona eskura izateak erabiltzailea paralizatu dezake. Harremanak egonkortu beharrean, hurrengo profila hobea izango den sentsazioa elikatzen da, eta horrek konpromiso-maila jaisten du. Beraz, horrelako aplikazio bat erabiltzea aukeratu ezkero, ba al dago erabilera arduratsuago bat egiteko modurik?
Austriako hiru ikertzailek 2025ean argitaratutako lan baten arabera, bi erabilera-eredu nagusi daude: 1) Modu kritikoa: aplikazioan agertzen zaizkigun profilak irizpide zehatzen arabera eta arreta handiz baloratzea. 2) Modu intuitiboa: sentipen azkarrek gidatuta eta modu mekanikoan aritzea. Ikerketaren ondorioa argia da. Gure autoestimua babesteko eta aplikazio hauek sortzen duten itomena ekiditeko, bi gomendio nagusi daude: saio bakoitzeko ikusten den profil kopurua mugatzea eta ezaugarri zehatzetan zentratzea, modu pausatuagoan eta hausnartuagoan jokatuz. Azken irizpide horri jarraituz, eta Kaixomaitia desagertuta, gogoratu Tinder bezalako aplikazioek euskarazko iragazkia erabilgarri dutela jada; ez da aukera txarra, gure hizkuntzan bizi eta maitatzeko asmoa badugu, behintzat.