benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Disketeak eta mito arriskutsuak

2026ko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1980ko hamarkadan sartu zen lehen ordenagailua gure etxean. Halere, gogoan dudan lehenengo birusak Barrotes izena zuen, eta 1992an sortu zuten. Haren funtzionamendua guztiz sinplea zen: ordenagailuko fitxategiak infektatzen zituen, eta urtero, urtarrilaren 5ean, esnatu egiten zen. Pantailan mezu bat agertzeaz gain, marra bertikal batzuk marrazten zituen. Birusak hedatzeko bide nagusia disketeak trukatzea zen, bideojoko eta programak horrela banatzen genizkion elkarri. Interneten aroa handik urte gutxira iritsi zen gurera.

Hiru hamarkada luze igaro diren arren, zibersegurtasunaren aferak pil-pilean jarraitzen du; are gehiago, izugarri zaildu da. Oporraldi honetan bertan entzun dugu horren adibiderik argiena lagun baten ahotik: mediku bati bere lagun min batek deitu dio telefonoz. Alabez galdetu, xehetasun oso pertsonalak aipatu eta, azkenean, laguntza eskatu dio, atzerrian dirua atera ezinik dabilela esanez. Kezkatuta, medikuak dirutza handia bidali dio. Minutu batzuk geroago, whatsapp bat idatzi dio lagunari, dirua iritsi zaion galdetzeko. Lagunaren erantzuna, ordea, laburra bezain latza izan da: «Zer diru?». Izan ere, gaizkileek adimen artifizialaren bidez klonatu zuten lagunaren ahotsa. Hori aski ez, eta argi geratu zen medikuaren familia sakon ikertu zutela, haren inguruko datu pertsonalak eskuratu baitzituzten. Istorioa entzute hutsak hotzikara eragin digu.

Testuinguru horretan sortu da Project Glasswing, Anthropic enpresak bultzatutako zibersegurtasun ekimena. Adierazi dutenaren arabera, Mythos izeneko AA aurreratu bat sortu du Anthropic enpresak. Mythosek softwareko segurtasun-zuloak bilatzen ditu, batez ere ahultasun larriak dituztenak, eta kasu batzuetan zulo horiek nola ustiatu daitezkeen ere aztertzen du. Anthropicen arabera, sistema eragile nagusietan, web nabigatzaileetan eta beste software garrantzitsu batzuetan milaka ahultasun aurkitu ditu jada, eta horietako batzuk oharkabean egon dira urte luzez. Hau da, kalte izugarriak egiteko gai den eredua dute esku artean, eta horretaz jabetzeko eta babesteko prozesu partekatua hasi dute enpresa eta fundazio teknologiko handienekin. Medikuntzarena AAren alde positiboen artean kokatzen dudan bezala, argi dut zibersegurtasuna izango dela AAren alde arriskutsuenetariko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA