Sara Azurza

Doluak ez du etengailurik

2026ko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizartean oraindik tabua den, edo behintzat gutxitan hitz egiten den dolu mota bat dolu gestazionala da. Eta, hain zuzen ere, errealitate hori pantailara ekartzen du Filminen ikusgai dagoen Babies telesailak. Stefan Golaszewskik sortutako sei ataleko miniserieak haur bat izateko nahia duen bikote baten galera eta, batez ere, galera horren ondoren datorrena ditu ardatz.

Paapa Essiedu eta Siobhan Cullen dira Stephen eta Lisa, familia bat osatu nahi duten 30 urte inguruko senar-emazteak. Biek min bera partekatzen dute, baina ez dute modu berean bizi: bakoitzak bere denborak, beharrak eta doluari aurre egiteko moduak ditu. Batzuetan, elkar babesteko isiltzen dira; baina isiltasun horrek, babestu beharrean, elkarrengandik urruntzen ditu.

Babies-en indarguneetako bat esan gabe uzten duen horretan dago. Ez du azalpen handirik behar doluak bikotean sortzen duen arrakala erakusteko: isiluneek, begiradek, elkarrizketa etenek eta egunerokotasunak erakusten dute Lisa eta Stephen nola urruntzen diren, min beretik abiatu arren. Galeraren inguruan, gainera, beste hainbat geruza azaleratzen dira: seme-alabak izateko ezintasunak eragindako nekea, ingurunearen presioa, sexua pixkanaka zeregin mekaniko bihurtzea edota gizonek eta emakumeek dolua bizitzeko dituzten modu desberdinak. Horiek guztiak samurtasunez eta gehiegizko dramatismorik gabe lantzen ditu telesailak.

Bikotetik kanpo ere bada zer aztertu. Stephenek beste gizonekin dituen harremanen bidez, telesailak gizonen arteko komunikazioaren erretratu hotza egiten du, elkarrizketa motzak, isiluneak eta umore absurdoa uztartuz. Nire ustez, gainera, izaera transgenerazionala duen zerbait uzten du agerian, sentitzen dugunaz hitz egiteko zailtasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela.

Horregatik, Babies-ek elkarren artean komunikatzeko beharra ere jartzen du erdigunean: bikotekidearekin, lagunekin edo familiarekin. Ingurukoen bizitzak aurrera egiten duen bitartean, doluan dagoenarentzat haurdunaldi baten iragarpenak, lagun baten haurraren jaiotzak edo itxuraz errugabea den galdera batek beste esanahi bat har dezake. Eta zaila izan arren, minari hitzak jartzeak eta partekatzeak lagundu dezake zauria pixkanaka sendatzen.

Beharrezkoa da horrelako errealitateak pantailara ekartzea, uste duguna baino ohikoagoak direlako eta, hala ere, sarritan isilean bizitzen direlako. Babies-ek gogorarazten digu doluak ez duela etengailurik. Ezin dela botoi bat sakatu, mina itzali eta ezer gertatu ez balitz bezala aurrera egin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA