Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Entretenimendua

2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Badut fikziorik ikusten ez duen lagun bat baino gehiago. Horietako baten argudioa, hitzez hitz, hauxe da: «Nik soilik benetan gertatu diren gauzak ikusi nahi ditut». Dokumentalak, albistegiak eta, asko jota, benetako gertakarietan oinarritutako filmak ikusten ditu. Ikusi hitzak bere kasuan ikasi-ren ia-ia gauza bera esan nahi du; ez du «denborarik galdu nahi» imajinazioak asmatua den ezer kontsumitzen.

Nik ez dut arazorik fikzioarekin; uste baitut asmatua den horrek ere gure errealitatearen hainbat aspekturi egiten diola erreferentzia, eta benetako auzien inguruan hausnartzera eramaten gaituela sarritan. Zerbaitekin arazorik izan badut, entretenimendu hutsa jorratzen duten saioekin izan da; nolabait telebistari eskaintzen ari natzaion denbora hori hutsala balitz bezala, ezertarako balio ez duena, are gehiago, pertsona gisa degradatu egiten nauena. Eguna naturaz inguratuta igarotzera ohituta dauden guraso batzuen heziketarekin zerikusia izango du horrek, akaso.

Hala ere, denboraren poderioz, entretenimenduzko eduki batzuei lekua egin diet nire agendan. Izan ere, gauza batzuek eguneko estresa arintzeko benetako ahalmena dute; eta afalostean, ohera joan aurretik, liburu bat irakurtzeak nagia ematen dizunean, lotara irribarre lasaia ahoan duzula joaten laguntzen dizute. Hori gertatu zait —eta hau ez da txantxa— Piztu Telebista saioarekin. Nork esango zidan niri telebista ikusten ari diren pertsona batzuen iruzkinetan oinarritutako saio batekin tarteka gozatzen amaituko nuenik? Saio horren berri eman zidaten lehen aldian, ezin nuen sinetsi ETB1 horraino irits zitekeenik. Telebista britainiarrean hamarkadak zeramatzan saio baten kopia zela jakiteak are gehiago puztu zuen nire amorrua: ideia ere ez omen zen hemengoa! Hala ere, atalak ikusten hasi eta, ez dakit nik zergatik, baina harrapatu egin ninduen. Izan liteke bertan agertzen diren pertsonekin konektatzen amaitzen duzulako. Izan liteke euskalki ezberdinak entzuten diren eta gure gizartearen arraza, genero eta orientazio sexualaren dibertsitatea erakusten duen saio bakarrenetarikoa delako. Izan daiteke horietako batzuk, umoregile izan gabe, ibilbide oparoa duten umoregile batzuk baino barregarriagoak direlako.

Pena emango lidake saio hau amaitzeak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.