Beti gertatu izan da: protesta batzuekin ez da ezer lortu, eta beste batzuek onurak ekarri dituzte herritarrentzat. Gaur egun, joera ezkor batek zipriztindu ditu bazterrak, eta zentzuzkoa da batek baino gehiagok duten sentimendua: zaila baino zailagoa dela gauzak aldatzea; herritar soil batek ezin duela ezer lortu.
Baina ikastolak klandestinitatean sortu zituztenak herritar gutxi batzuk ziren, euskarazko irratigintzan hasi zirenak bizpahiru ziren, 1980ko lehen Korrika sortu zutenak oso gutxi ziren —lau gazte zoro haiek...—, eta talde txikiek lorpen handiak lortu izan dituzte. Norbanako bakoitzaren erabakiak eragina du inguruan.
Martxoaren 18an, ETB3 haurrentzako katearen tokia hartu zuen ETB1 On kanalak. Eta berehala erreakzionatu zuten Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeek, baita beste hainbat euskaltzalek ere. Pertsona bakar batek, euskaltzale batek izan zuen egun hartan ideia —eta gauzatu— sinadura bilketa digital bat hasteko, ETB3 ez itxi! eskaerarekin. Berehala erreakzionatu zuten herritar askok, kanpainaren alde sinatuz eta partekatuz. Haietako askok kezka handia zuten, haurrak telebista konbentzionaleko euskarazko katerik gabe gelditu zirelako. 24. Korrikan ere, entzun eta ikusi zen ETB3ren itxieraren aurkako aldarria.Â
Ez dago jakiterik noiz eta zehazki zergatik egin duen atzera EITBk; zerk bultzatu duen erreakzionatzera, eta ETB1 On kasik haurrentzako kate bihurtzera, 07:00etatik 19:00etara txikienentzako programazioa ematea ETB3 ehuneko handi batean berreskuratzea baita —datorren astelehenetik aurrera gertatuko da hori—. Euskal Herrian izan diren beste gertakari batzuetan, euskaltzaleek errakzionatu izan dute, eta argi dago erreakzio horrek beti balio izan duela zerbaitetarako. Oraingo honetan ere, ETB3ren itxieraren aurka sinadura digitala eman edo beste modu batean protesta egin duenak modu kontzientean erreakzionatu du. Euskaltzaleen aktibazioak eta protestak balioa du, eta funtsezkoa da hizkuntzaren iraupenerako.Â
Oso argi baitago: martxoaren 16ko astetik hona ETB1 On eta ETB2 On kateen sorreraren inguruan inork ezer esan ez balu, Euskal Herriko haurrak telebista konbentzionalean euskarazko saiorik gabe geldituko ziren, per secula seculorum.Â
Beste kontu bat da EITBren eskaintza batzuetan den diglosia, zenbat lehenesten diren gaztelaniazko apustuak. Horren inguruan ere, erreakzioak bilatu beharko dituzte euskaltzaleek. Egoera ez baita 1986an ETB2 sortu zeneko bera.