urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Errobi edo bi er(r)o

2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Errobi musika taldeak Bilbon joko du maiatzaren 4an. Eta Donostian ere joko du ekainaren 21ean, Adarra saria jasoko duen ekitaldian. 1974tik 1985era egindako ibilbidean, askotariko kantak sortu zituzten. Daniel Landarten hitzak izan ziren askotan kanta horietan. Taldera gerturatzeko aukera ematen du Badok atariak.

Bagoaz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bozak gaur direnez, zer hobe Kuia lilien erromeria entzutea baino. «Herri batzutan sufritzen dute bozkarik ez dutelako/ guk, hemen, aldiz, demokrazia baitugu omen lekuko/ bozka ta bozka aritzen gara honen ala harendako/ ta aldi oro berdinen edo berdintsuen hautatzeko... boz biltzaileek nahi gaituzte lagundu eta salbatu [ejem]/ gu galdeginak hitz eman eta, ondotik gutaz trufatu [bai, horixe]».

Kuia lilien erromeria kanta (Gure lekukotasuna diskoa, 1977).

«...badakite bai herri xehea nola engaina abilki». Hala kantatzen zuten Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk politikariez 1977. urtean argitaratu zuten Gure lekukotasuna diskoan. Album berekoa da Telebista kanta. Adi, beraz, zer zioten orduko telebistaz: «Gaurko mendeak eskaini digu/ gauza bat zinez polita/ polita eta, goxoa eta ozena bezain galanta/ zuri begira pasatzen dugu/ zenbait eta zenbait bulta/ gure etxean sartzen baituzu/ arras maite dugun besta/ agur, beraz, zuri, agur telebista...». Profeten profeta ere deitzen diote telebistari. Lilura. Baina, hara: «...gauza hoberik ez zen asma euskaldunen frantsesteko». Bidasotik gora frantsesteko, eta Bidasotik behera espainoltzeko. Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia mugimendukoen aitzindariak dira Errobikoak.

Edonola ere, bitxia da, baina Anje Duhalderen ahotan kantak bazuen beste bertsio bat. Aldaketaz galdetu beharko litzaioke Duhalderi ea zergatik pasatu zen «euskaldunen frantsesteko» hura «izeriaren ezkutatzeko» esamoldera.

Errobiren Telebista kanta.

Errobik kantatu zion telebistari, baina telebistak ez dio askorik kantatu Errobiri. Arakatuz gero, ez dago dokumentalik musika taldearen inguruan. Kanalduden, Primeran-en zein EITB Nahieran-en ere ez da Errobiren gaineko erreportaje landurik. Batetik, bada duela 11 urteko elkarrizketa labur bat Ducaurekin eta Duhalderekin, Tumatxak musika saiokoa. Eta, bestetik, bada Tumatxak programako bideo bat ere: Pasaiako badian (Gipuzkoa) Napoka Iria taldekoak ageri dira Errobiren Aitarik ez dut kanta zoragarria kantatuz. Bertsioa txukuna da:

Errobiren Aitarik ez dut, Napoka Iriak moldaturik.

Euskal Telebistan Tumatxak saioaren edo tankerako musika programa baten falta sumatzen da. Hori gabe, espero daiteke Errobik datozen asteetan emango duen kontzertuetakoren bat larunbat gauetako Oholtzan musika saioan ikusi ahalko dela.

Azpidatzietako hutsak

Errobiren kontzertuak datozela eta, ETBko albistegietan eman diete ahotsa Duhalderi eta Ducauri. ETB2 kateko lehiaketetan ez diete galdetzen parte hartzaileei sekula Errobi taldearen inguruan, baina inoiz ez da berandu. ETB2ko Teleberri-n, behintzat, behingoagatik azaldu da Duhalde hizketan, eta ez nolanahi: Erresuma Batuko erregearen familiako kide gisa baizik.

Anje Duhalde ETB2ko 'Teleberri' albistegian.
Anje Duhalde, ETB2ko 'Teleberri' albistegian.

Adibide soil bat da. Eta edonori gerta dakioke huts bat egitea. Kontua da ETBko albistegietan zenbait egunetan gehiago izaten direla okerreko azpidatziak balekoak baino. Faktore desberdinek eragin dezakete halako hutsak hain sarri egitea, baina ziur aski zaila izango da jabetzea egoera noiz konpontzen den. Gauzak zuzen ematea oharkabean pasatzen baita beti. ETBn eta edonon.

Bestalde, ohar bat: Euskal Herriaren hiru lurraldetan baino ez dira gaur hauteskundeak. Eta ez dira euskaldunak deituak bozetara, edo ez bakarrik. Euskararen jabe izan ala ez, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren guztiak daude deituak. Gaurko emaitzez harago, Errobi taldearen hitzak zabaltzen jarraitu beharko da Bidasotik hegora eta iparrera. Nora goaz? kantan zioten bezala: «...Atzar hadi!/ Atzar hadi!/ Ene euskaldun haurride/ Atzar hadi!/ Atzar hadi!/ Euskal Herriaren alde».

Nora goaz? kanta (Errobi, 1975).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.