Musika

Errobi taldeak jasoko du Adarra saria

Euskal musikan egindako bidea aitortuko diote Mixel Ducauk eta Anje Duhaldek osatutako taldeari. Ekainaren 21ean kontzertua emango dute Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.

Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldeko kideak. JON URBE / FOKU
Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldeko kideak. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko apirilaren 10a
11:31
Entzun

Errobi taldeak jasoko du Adarra saria aurten. Musika ibilbide bat aitortzeko ematen du saria Donostia Kulturak, eta aurtengoa 11. aldia izango da. Ohi bezala, Musikaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 21ean, jasoko dute saria Mixel Ducau eta Anje Duhalde taldeko kideek, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta segidan kontzertua emango dute han. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean. Remi Gachis, Iñigo Telletxea eta Txomin Duhalde ere izango dira haiekin agertokian.

Adarra sariko aholku batzordeko kide da Ester Fernandino, Amaia Ispizua eta Jaione Askasibarrekin batera. Haiek proposatu zuten saria taldeari ematea. Fernandinok azaldu duenez, «oso erraza» izan da aurtengo saritua aukeratzea, baziren-eta urte batzuk Errobiren izena aukeren artean zegoela. «Talde erabakigarria izan zen rock progresiboan eta psikodelian», gehitu du.

«Aurreko edizioetan saritu dituzten musikariak ikusita, saria jasotzeko ohorea handiagoa da». ANJE DUHALDEMusikaria

Duhaldek eta Ducauk «bihotzez» eskertuta daudela esan dute: «Duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana saritzen du, eta, gainera, aurreko edizioetan saritu dituzten musikariak ikusita, ohorea handiagoa da», gehitu du Duhaldek. Euskal musikaren alorrean egindako ibilbidea aitortzeko sortu zuen Adarra saria Donostia Kulturak, 2014an, eta dagoeneko honako hauek jaso dute: Mikel Laboa —hil ondoren—, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia eta Zea Mays.

Kontzertuak

Ekainaren 21a baino lehen, ordea, beste kontzertu bat du taldeak motorrak berotuz joateko. Bilbon izango da, maiatzaren 4an —sarrerak Euskalduna Jauregiko webgunean daude salgai—. Bi kontzertuak berdintsuak izango direla adierazi dute bi musikariek. Zuzeneko «naturala» egingo dutela gehitu du Duhaldek; kaleratutako diskoak oinarri hartuz, horietako kantu gehienak joko dituzte.

Alde teknikoa garai batean baino hobea izango dela azpimarratu du Duhaldek: «Izozkailutik ateratako produktu bat bezalakoa izango da, baina hobetua. Ez dakit sukaldari onak izan garen». Ducauk kontzertuetan egongo diren musikariei eman die balioa —Txomin Duhalderi, Telletxeari eta Gachisi—: «Musikalki ekarpen handia egingo diote». Gaur-gaurkoz entseatzen eta kantak  berriz lantzen ari direla ere kontatu dute.

«Errobi ez da rock talde bat bakarrik», esan du Duhaldek. Halaber, euskal kantutegitik ateratako lanaren emaitza eta «ondarearen ispilua» izaten saiatu direla gehitu du. Taldearen hastapenak eta geldialdia egin aurreko urteak gogoan izango dituzte hainbatek, baina belaunaldi gazteenek ez dute hainbeste ezagutzen. «Gure nahia belaunaldi berriek gu entzutea da», aipatu du.

Hastapenak

Errobik 1974tik 1985era bitarteko ibilbidea egin zuen, eta urte haietan estudioko lau disko —Errobi (1975), Gure lekukotasuna (1977), Ametsaren bidea (1979) eta Agur t'erdi (1985)— nahiz zuzeneko bat —Bizi bizian (1978)— argitaratu zituen. Azkeneko hamarkadetan, bai Duhaldek eta bai Ducauk beren bidea egin dute musikan, bakarkako proiektuak nahiz bestelakoak landuz, baina joan den hilean iragarri zuten berriro elkartuko direla Errobi izenarekin.

«Beti egin izan diogu lekua tradizionala denari; gure nortasunaren parte da». MIXEL DUCAU Musikaria

Lehen urteak modu berezian gogoratzen dituzte taldeko bi kideek: «Ahal genuen moduan hasi ginen», kontatu du Duhaldek. Eman zuten lehen kontzertuetako baten anekdota bat ere kontatu du: Donibane Garazin izan zen (Nafarroa Beherea), eta beste musikari batzuekin aritu ziren oholtzan. Euren txanda iristean, aretoa ia hutsik zegoen; jende gaztea bakarrik geratu zen haiek entzutera. «Agian momentu hartan publiko guztia ez zegoen prest gure musika entzuteko».

Garai desberdinak bizi izan ditu taldeak, eta, orain, garai berri bati ekiteko bidean dira. Ducauk adierazi du garai guztietan sentitu dela bera eroso, eta ez duela sailkapenik egiten. «Beti egin izan diogu lekua tradizionala denari; gure nortasunaren parte da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.