benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Eskerrik asko, Dabid!

2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogei urte beteko dira abenduaren 24 honetan; 2005eko urte amaiera hartan dozenaka gaztek Astra izeneko arma lantegi zaharra okupatu zuten Gernika-Lumon. Hurrengo urteetan han jazotako guztiak eragin zuzena izan zuen herrian zein eskualdean. Baita ere, hura guztia bizitzeko aukera izan genuenon artean.

Beti esan dut nire unibertsitatea Astran bizitako urte haiek izan zirela; han ikasi nuen dakidanaren parte handi bat. Ez zegoen espekulatzeko tarterik, teoria eta praktika eskutik zihoazen. Bai, espazioa lortu zen, baina espazioak ez dira ezer pertsonarik gabe. Eta aitortu behar dut urte haietan ezagutu nuen lantaldea bezalakorik sekula ez dudala aurkitu berriro. Haiek izan ziren nire maisu-maistrak. A ze zortea nirea!

Hala ere, taldean lan egitea beti ez da samurra izaten. Sukaldean bezala, osagaiak bere neurrian nahastu behar dira, tenperatura egokian berotu, gatz puntua ondo neurtu.

Eta horretan trebea zinen, Dabid. Zuk bazenekien ederto kozinatzen, beharrezko tresna, osagai eta pausoak planifikatzen. Protagonismorik nahi ez zuen sukaldaria zinen. Hori bai, handira jokatzen zenuen beti, pasioz. Argi zeneukan Astra bezalako proiektu zoro hark etorkizun oparoa izango zuela herrian, parte hartu duzun beste hainbat proiektuk izan duten moduan. 

Dabid, goizegi joan zara mundu honetatik. Bada, batez ere, eskerrak eman nahi dizkizut, ingurukooi transmititu diguzun konfiantzagatik. «Beñat, zuk badaukazu zer kontatu», esaten zenidan duela bi hamarkada, «bota lotsa barik». Jendeak norbere buruarengan sinets dezan lagundu duzu. Lagundu didazu. Eta pertsonon arteko zaintzaz hainbeste berba egiten den garaiotan, gutariko bakoitzarentzako betidanik izan dituzun berba eta keinu egokiez akordatzen naiz, eta horiek izan duten efektu positibo biderkatzaileaz. 

Herria eta komunitatea bi hitz potolo dira. Edozein marketin kanpainatan ikusiko ditugu gaur egun. Baina herria eta komunitatea egin egiten dira, harremanak ehunduz, konfiantza emanez, konplizitatea irabaziz. Ez dago bestelako trikimailurik. Zuk herria eta komunitatea egunero egin dituzu, ekintzen bidez. Eskerrik asko Dabid, batzuetan utopiak errealitatera eraman daitezkeela irakasteagatik. Besarkada bana etxekoentzat. Zu barik eztau.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.