urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Etxea eta basoa

2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goya sariak eman zituzten bart, Bartzelonan. Zorionak sariren bat irabazi duten Euskal Herriko profesionalei! Izan dadila bidea haien filmak ikus-entzule gehiagorengana iristeko. Eta pelikula on gehiago egiten jarraitzeko.

The Sinners filma
'Sinners' filmak hamasei izendapen ditu Oscar sarietarako. MOVISTAR PLUS

Zinemako sarien zirkuluak ez du etenik, ordea. Eta bi igande barru, 98. Oscar sariak banatuko dituzte Los Angelesen. Hautagai diren pelikulen artean, Sinners filmak hamasei izendapen ditu. Beste marka bat lortu du Ryan Coogler zinemagilearen pelikula horrek. HBO Max eta Movistar Plus plataformetan ikus daiteke. Eta zer esan filmaz? Askoz hobe dela espektatiba gutxirekin ikusten hastea. Hamasei izendapen izanagatik, ikusleak pentsatzen baldin badu bizitza aldatuko dion filma dela... jai dauka. Zeren Sinners ondo dago, musika ez dago batere gaizki, banpiroen filmak gogoko dituztenek gozatuko dute, eta ekoizpena nola egina dagoen goraipatzeko modukoa da. Kredituen osteko bonus eszena ere ezusteko polita da. Hala ere, hamasei izendapen izate horrek ez ote dion kalterik egingo... Urteko film onena ere ez da.

Oscar sarietarako hamahiru izendapen ditu, berriz, Paul Thomas Andersonen One Battle After Another filmak. HBO Max eta Movistar Plus plataformetan ikusgai da. Eta pelikula entretenigarria dela ezin da ukatu. Ia hiru orduko iraupena duen arren, Thomas Andersonek ikuslea kateatuta eramaten du batetik bestera, erritmo bizkorrean. Ez da hori ere, ziur aski, urteko filmik hoberena, pelikula txukuna dela aitortuta ere.

'One Battle After Another'
Leonardo di Caprio aktorea, 'One Battle After Another' filmean. WARNER BROS / EFE

Netflixen euskarara bikoiztuta ikus daiteke Guillermo del Toro zuzendariaren Frankenstein. Bederatzi izendapen ditu, eta ekoizpenaren handitasuna besarkatzea baino ez da gelditzen. Nahiz eta ez den hain liluragarria.

Zein dira ba izendapenez beteta dauden pelikulen artean sakonenak, sarkorrenak eta hunkigarrienak? Pelikula aretoan ikusi eta handik egun batzuetara buruan buelta batzuk ematen jarraitzen dutenak? Chloe Zhaoren Hamnet eta Joaquim Trierren Sentimental Value. Zortzi izendapen ditu lehenak, eta bederatzi bigarrenak. Sinbologia berezia du basoak Hamnet-en. Protagonisten etxea, berriz, pertsonaia funtsezkoa da Sentimental Value-n. Modu finean sortzen dituzte Zhaok eta Trierrek bi erreferentzia horiek. Ondo funtzionatzen dute istorioan. Sentimental Value martxoaren 27an iritsiko da Filmin plataformara. Hamnet plataformetan ikusteko, berriz, apur bat gehiago itxaron beharko da.

Renate Reinsve eta Jessie Buckley

William Shakespeareren eta haren emaztearen istorioa kontatzen du Hamnet-ek, Maggie O'Farrellen izen bereko eleberrian oinarrituta. Oscar sarietarako kiniela askotan aipatzen da Jessie Buckley, emakumezko aktore onenaren estatuatxoa irabaz dezakeela uste baita. Ez da gutxiagorako, bere begiekin eta begiradarekin, bere interpretazio harrigarriarekin, sentimendu andana eragiten baitizkio ikus-entzuleari. 

Sentimental Value filma
Renate Reinsve aktorea, 'Sentimental Value' filmean. BERRIA

Antzezpenaren barruko antzezpenaren ideiarekin jokatu du, bestetik, Joaquim Trierrek Sentimental Value-n. Eta Oscarra Buckleyk irabaziko balu ere, Renate Reinsve hautagaiak —Verdens verste menneske (2021)— egiten duen interpretazioa ere ez da ahazteko modukoa. Egia esatera, aktore guztiak daude zoragarri pelikula horretan: Stellan Skarsgard, Inga Ibsdotter Lilleaas eta Elle Fanning. Aipatzen da Bergmanen zinemaren erreferentziak agerikoak direla, eta Trierrek berak ez du hori ukatu. Danimarkan jaiotako zinemagileak erakutsi du istorioak pantaila handian kontatzeko duen trebetasuna; kasu honetan, familia baten barneko harremanen bueltan. Filmaren amaiera erabat biribila da, gainera.

Sentimental Value filma
Renate Reinsve eta Inga Ibsdotter Lilleaas aktoreak, 'Sentimental Value' filmean. BERRIA

Hamnet filmera itzulita, bestetik, Max Richter musikariaren soinu banda hautagaia da Oscarretan. Richterrek pelikularako egin duen musika opari handi bat da. Audio plataforma batera sartu, bilatzailean bilatu eta Hamnet-en soinu bandari play eman... itxi begiak eta hasi bidaiatzen.

'Hamnet' filma
'Hamnet' filmeko irudi bat. FOCUS FEATURES / EFE

Oscarretako hautagaien errepaso hau ezin amaitu Galiziako Oliver Laxe zinemagilea aipatu gabe. Sirat filmarekin hautagaia da atzerriko film onenaren kategorian eta soinu onenarenean. Kristorena da, bai, pelikulako soinua. Laia Casanovas, Amanda Villavieja eta Yasmina Praderas dira soinuaren arduradunak, eta mereziko lukete saria. Kontua da lau lehiakide oso gogor dituztela. Ezinezkoa dute ia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA