Espainiako Zinema Akademiak Bartzelonan egin du 40. Goya sariak banatzeko ekitaldia. Euskal filmen artean, bederatzi izendapenekin heldu da galara Maspalomas, tartean filmik, zuzendaritzarik eta jatorrizko gidoirik onenen sarietakoak. Film horretan egindako lanagatik, bai Jose Ramon Soroiz bai Kandido Uranga aitortza jasotzeko hautagaien artean zeuden —aktore protagonistarik onenaren eta taldeko aktorerik onenaren kategorietan, hurrenez hurren—. Eta Soroizi eman diote aitortza azkenean.
Beste bi euskal aktore ere saritu dituzte ekitaldian, biak ere Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarraren Los domingos filmean egindako antzezpenengatik: Nagore Aranburuk taldeko emakumezko aktorerik onenarena irabazi du, eta Patricia Lopez Arnaizek emakumezko aktore protagonistarik onenarena.
Euskarazko beste lan batek ere bazuen izendapenik: Paul Urkijoren Gaua hiru kategoriatan zen sariren bat irabazteko hautagai —efektu berezienean, jantzien diseinuarenean, eta makillaje eta ile apaintzearenean—, baina ez du aitortzarik jaso.
Antzezpenei sariak
Aranburu izan da gaueko lehena oholtzara igotzen saria jasotzera. Hunkituta eta eskertuta, filmeko lantaldeari eta etxekoei eskaini die garaikurra, eta mezua ere bidali dio amari, orain baietz, ireki zezala xanpain botila Azpeitian.

Beste hainbat sarituren ondotik heldu zaio txanda Soroizi, eta aldamenean zuen Urangari besarkada estua eman ostean igo da oholtzara. Euskaraz egin du mintzaldi ia osoa, eta, eskertuta ez ezik, umore oneko ere agertu da —«Orduan hi haiz Goya famatua? Urte askotarako», esan du garaikurrari begira—. Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi filmeko zuzendariei eta lantalde osoari eskaini die saria: «Joxe Mari, Aitor, azkenean lortu diagu, zuena duk hau, eta ekipo osoarena».
Maspalomas filmaren harira gertatzen ari zaion guztia zoragarria dela ere adierazi du: «Oso zoriontsu egin nauzue, eta oxala munduko Bixente guztiak ere hala izatea», adierazi du, bere pertsonaiari erreferentzia eginez. Etxekoei eta aitortzagatik poztu diren guztiei ere eskaini die saria.
Arregik eta Goenagak iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Maspalomas, Sail Ofizialeko lehian. Vicente du protagonista, bikotekidearekin hautsi ondoren Maspalomasen (Kanariar uharteak, Espainia) gustuko duen bizimodua daraman 77 urteko gizona. Istripu baten ondorioz, baina, Donostiara itzuli beharko du, eta aspaldi ikusi ez duen alabarekin elkartu. Vicenteren rolean egindako lanagatik Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Soroizek jaialdian, eta Goya saria irabazi du orain.
Goenagak idatzi zuen filmaren gidoia, eta, hari esker, jatorrizko gidoi onenaren Goya sarirako izendapena lortua zuen. Halaber, Arantzazu Calleja jatorrizko musika onenaren sarirako izendatu zuten; Javier Agirre Erauso, argazki zuzendaritza onenaren sarirako; Mikel Serrano, arte zuzendaritza onenaren sarirako; eta Karmele Soler eta Sergio Perez Berbel, makillaje eta ile apaintze onenaren sarirako.
‘Los domingos’-ek bost
Soroizen atzetik segidan jaso du saria Lopez Arnaizek. Lantalde osoari, familiari eta lagunei eskaini die saria, eta eskerrak eman dizkio Alauda Ruiz de Azuari beretzat oso berezia izan den pertsonaia sortzeagatik. «Zerbait misteriotsua izan da; aurretik barruan eduki izan banu bezala izan da, nire zain egon izan balitz bezala», azaldu du.

Maspalomas bezala, iazko Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialeko lehian estreinatu zuten Los domingos ere, eta Urrezko Maskorra eskuratu zuen, baita Irizar saria ere. Sari emate ekitaldira izendapen gehienekin iritsitako filma zen; hamahiru, denera. Eta beraz, faborito nagusien artean aipatzen zuten. Bost sari eraman ditu azkenean, antzezpenen ataletakoak ez ezik, film, zuzendaritza eta jatorrizko gidoi onenarenak. Zuzendari onenaren aitortza jasotzean, Ruiz de Azuak esan du 40 urtean soilik beste hiru emakumek irabazi dutela sari hori, eta eskerrak eman dizkie desoreka horien kontra lan egiten dutenei.
Oliver Laxeren Sirat izan da gaueko beste irabazle nagusia; arlo teknikoei lotutako sei sari eskuratu ditu, eta, hala, bi aste barru banatuko dituzten Oscar sarietarako bultzada jaso du —Nazioarteko filmik onenaren sarirako izendatua dago—.
Bestalde, Europako filmik onenaren saria Joachim Trier zuzendari norvegiarraren Sentimental Value-k eraman du. Eta Iberoamerikako filmik onenaren saria, berriz, Dolores Fonzi argentinarraren Belén-entzat izan da.
Halaber, Susan Sarandon aktore estatubatuarrak Nazioarteko Goya saria jaso du, eta etorkizunari begira esperantzari eustearen aldeko hitzak egin ditu. «Mundua indarkeriaren eta krudelkeriaren menpe dagoen garaiotan, zuen presidentea eta hainbat artista halako argitasun moralez hitz egiten entzuteak sentiarazten dit ez nagoela hain bakarrik». Ekitaldian hainbat sortzailek aldarrikatu dute Palestinaren askatasuna, eta genoziodioa salatu dute.
