benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Europa, bere berebilaren bila

2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Automozioa Europar Batasuneko BPGaren %7 da, eta 13,8 milioi langile ari dira lanean industria horretan. Badu pisua, beraz, EBn. Hori dela eta, Europako 28 herrialdetan maiatzean saldu diren autoen datuak aztertuko ditugu gaurkoan, eta iazko maiatzekoekin erkatuko ditugu.

Autoen salmenta, adibidez, %2,5 igo da 2024ko maiatzeko datuekin alderatuz. Begirada auto elektrikoetan jarriz gero, haien salmenta %28,5 igo da. Eta hibrido entxufagarrietan ere igoera ez da makala izan, %31 igo baita haien salmenta.

Jakina da azken urteotan automozio europarra kezkatuta dagoela, bai Tesla amerikarraren zein BYD eta MG bezalako enpresa txinatarren aurrean. Duela hilabete batzuetatik, Txinan ekoitzitako autoei muga zergak ezarri zaizkie gurean, eta horrek auto horien prezioan eragina izan du. BYD Seal U modelo txinatar ezaguna 18.000 euroren truke eros daiteke herrialde asiarrean. Euskal Herrian, aldiz, 39.000 eurotan lortuko duzu auto bera.

Aipatutako datuen arabera, hauek izan dira auto gehien saldu dituzten taldeak maiatzean: Volkswagen, Stellantis, Renault, Hyundai-Kia eta BMW. Hau da, bost horietatik, lau europarrak dira eta bestea Hego Korearra. Auto entxufagarriak aztertzen baditugu, hauek dira marka salduenak gure kontinentean: Volkswagen, Skoda, BMW, Audi eta Tesla. Kasu horretan ere, lau europarrak dira eta bosgarrena AEBkoa.

Auto elektrikoen salmenta gorako bidean doan garai honetan, aipatzekoa da Elon Musk enpresariaren Tesla auto elektrikoek izan duten salmenten beherakada EBn, iazko maiatzeko datuekin alderatuz %29 jaitsi baita. Horrekin batera, akzioen balioa ere %30 hondoratu da abendutik hona. Batek baino gehiagok kontuan izango zuen Elon Musk eta Donald Trumpen amodio erlazioa auto elektriko berria aukeratzeko garaian.

Hala ere, ikusteko dago zer gertatuko den hurrengo hilabeteotan Teslarekin, bikote harreman ezaguna apurtu egin dela jakinarazi baitute. Akzioaren prezioaren jaitsierak zerikusirik izan al du banaketan? Etorkizunera begira badirudi hurrengo partida auto autonomoetan izango dela. Europak, horretan ere, bere berebilaren bila jarraitu beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.