Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Euskal geltokia

2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko astean, Donostiako Tabakalera podcastaren geltoki bihurtu zen, eta agindu nuen bezala, horretaz hitz egitera nator zutabe honetan. Badakit bertan gertatutakoaren, eta bereziki entzundakoaren, kontakizun osoa irakurtzeko aukera izan dela BERRIAn (merezi du leitzea), baina ez diot uko egin nahi horretaz hitz egiteari.

Lehenik eta behin, zintzoa izanda, esan behar dut aurreiritzi negatiboa nuela. Madrilgo Estación Podcast ezagutzen nuen, eta uste nuen horren frankizia baino ez nuela topatuko, hau da, erdal produktu baten kopia bat, sasi-itzulpen hutsa. Osteguneko inaugurazio ekitaldian, ordea, ezagutu nuen podcasta afizio eta ofizio duten lagunen nahi, lan eta ahalegin handia egon dela Euskal Herriratzearen atzetik, baita kutsatzen den ilusioa ere.

Aitortu behar dut: ordurako Isabel Cadenasen MasterClass delakoa entzun izanak guztiz harrapatua ninduen, hasieratik lagunen artean sentitu nintzen, eta ezer ez zitzaidan arrotz izan. Bada, audio sortzaileen topaketek badute xumetasun toke bat —ikus-entzunezkoen senide txikia izateagatik agian—, eta horrek konfiantzazko solasaldia errazten du, eta giro horretan konturatu nintzen euskarazko podcast asko kozinatzen ari zirela bertan. Ea horiek guztiak hurrengo hilabeteetan gauzatzen diren… Ideiak ez dira falta.

Ezin ukatu Tabakalerako egitarauaren baitan gaztelaniazko podcastak aurkeztu zirela, eta hitz-hartze batzuk ere hizkuntza horretan izan zirela, baina euskarak toki handia izan zuen, izenburuaren itzultze hutsetik harago. Tamalez, ezagutzen ditut beste euskal podcastgintzaren topaketatzat aurkezten diren iniziatibak non gure hizkuntzaren presentzia anekdotikoa den. Beste aldetik, euskarazkoak batzeko eta ikusgai jartzeko ahaleginak bidean geratu dira.

Euskarazko podcast unibertsoa aberatsa eta askotarikoa da; Guau plataformako eskaintza zabalari gehitzen baitzaizkio euskal irrati eta prentsa, elkarte, kultur eta gizarte eragile, unibertsitate, ekoizle eta norbanakoek egiten dituztenak. Gai, ahots, euskalki, genero, formatu eta sortzaileak badaude, bila ditzagun euskal podcasten topaketa egiteko aitzakia, data eta lekua! 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE