Subterfuge Records zigiluko Carlos Galanek Zarautzen (Gipuzkoa) pasatu ohi ditu oporrak, eta halako batean Mikel Unzurrunzaga Makala-k aipatu zion Euskal Herrira ekarri beharko litzatekeela Estacion Podcast ekitaldia. «Podcast Geltokia bilakatuz». Bi lagunen arteko solasaldietatik gauza ederrak sor daitezke, tarteka, eta Madrildik datorren guztia txarra izango ez denez, egunotan egin dute Donostiako Tabakaleran Podcast Geltokia jaialdiaren lehen aldia. Makalak berak jarri dio soinu banda Tucan Air umorezko audio fikzioari, eta hori bera aurkeztu zuten ostiralean. Ulu Mediako Oier Aranzabalek eta Kolonbiako La No Ficcion ekoiztetxeko Juan Serranok koproduzitu dute. Berezia izan zen entzutea nola Anartz Zuazua aktore zuzendariak Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) zuzentzen zituen Kolonbiako aktoreak, milaka kilometrora, Atlantikoa tartean dela; Laura Junco aktore kolonbiarrak Tabakaleran bertan goraipatu zuen Zuazuak egindako lana; beste batzuek ere nabarmendu dute egunotan Zuazuaren gidaritza fina.
Askotariko podcastak ezagutu ahal izan dira jaialdiko lehen aldian. Fikziozkoak eta ez-fikziozkoak. Errealitateari lotutako dokumental podcasten artean, kasurako, Maddalen Ormaetxebarria eta Enar Derqui kazetari gazteek egin duten Doble condena (Zigor bikoitza), emakumezko presoek kartzelan bizitakoen ingurukoa. Plazer handia izan zen, halaber, lehen egunean Isabel Cadenas Cañon entzutea Se llamaba como yo (Nire izen bera zuen) podcastaren inguruan —Begoña Urrozen ingurukoa; DRILek hil zuen atentatu batean haur hori, 1960an—. Argentinako memoria historikoari lotuta, berriz, Paloma Navarro kazetariak Skyvan: los vuelos de la muerte-ren inguruan hitz egin du.

Baina, hara non, euskarazko zuzeneko podcast bat izan da publiko gehien erakarri duena. Aitziber Gradosek eta Malen Altunak abenduaren 9an Berbagailua txokoa txiki utzi zuten Durangoko Azokan. Joan den ostiralean ere, Tabakalerako 1. Aretora, gazte ugari bildu ziren Benetan zabiz? bideopodcastaren zuzeneko atala ikustera. Oversharing delakoaz —hau da, Interneteko sareetan norbere informazio gehiegi zabaltzeaz— mintzatu ziren Ana Goitiarekin, Iker Iribarrenekin —Resaka pasa— eta Anepe Acedorekin. Putzu batzuetan sartu ziren, kontraesanen batean ere bai, baina arin eta gustagarri joan zela ezin uka. Tarte goxoa pasatu zuten ere Sona podcastean Nogen musika taldekoak ikusi eta entzun zituztenek.
'Aho bete hortz'
Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak datu esanguratsua eman du egunotan: «Inguruko irrati publiko eta pribatu guztiekin alderatuz, EITBk estreinatu ditu azkeneko urtean audio fikzio gehien». Hain zuzen ere, Ulu Mediak Artxipelagoa-ren lehen denboraldia 2021ean egin zuenetik hona, euskarazko hamasei audio fikzio estreinatu ditu talde publikoak. Batez beste, oso kalitate handikoak, gainera.

Ostiral goizeko mahai inguru batean, datozen hilabeteetan iritsiko diren audio fikzio gehiagoren izenak ezagutu ziren. Lera estudioko Haritz Letek aipatu zuen Aho bete hortz audio fikzioa grabatuko dutela. Drama eta komedia uztartuko dituzte, Angel Aldarondorenak dira gidoiak eta Iker Galartzak —Gure Zirkua— jarriko du ahots nagusietako bat. Goñik, berriz, iragarri zuen Oinak uretan audio fikzioa grabatuko dutela datozen hilabeteetan. Gainera, Audiogile Berriak deialdiko irabazlea Oier Bravo izan da, eta Goñik aipatu zuen haren lanaren ekoizpenaz arduratuko dela EITB.
Podcast Geltokia jaialdiko azken egunean, atzo, haurrentzako audio eskaintza aztertu zuten. Makusi plataforman bada podcastei eskainitako atal bat, eta Nerea Zendoia arduradunak nabarmendu zuen Herri inauteriak podcastak aurten harrera ona izan duela. «Gehiago ere egingo ditugu». Solasaldi berean parte hartu zuten On Time ekoiztetxeko Joxe Felipe Auzmendik, Ulu Mediako Martin Etxeberriak eta Galtzagorri elkarteko Miriam Lukik —Gonagorri podcasta egiten dute—. Lukik irmo adierazi zuen haurrekin eta gaztetxoekin hitz egin beharra dagoela, haiek zer-nolako eskaintza nahi duten ezagutzeko.

Aho bete hortz utzi zituen Julio Rojas Txileko sortzaileak azken hitzaldian, adimen artifizialaren bueltako aurreikuspenekin. Beste egun batera itxaron beharko du BERRIAko irakurleak Rojasen hitzekin zur eta lur gelditzeko —Spoiler?—.
Tabakalera geltoki polit bat izan da egunotan podcastentzat. Izan dira akats batzuk. Hobetzeko tarterik badago. Baina espero daiteke datozen urteetan Podcast Geltokia handituz joango dela.