urtzi urkizu
Pantailen artetik

Ez handietsi ergelkeria

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carlos Fenollosa irakasleak adimen artifizialaren askotariko aukeren berri eman zuen herenegun Dia C ekitaldian, Donostian. Bigarren egunean, berriz, adimen artifizialaren erabilerari bestelako begirada zorrotz batekin ekin zion IABMren sortzaile eta zuzendari Sherina Florencek. Apple, Instagram eta beste marka askorekin egin du lan, proiektuetan AA sortzailea ere erabili izan du, eta badaki gaiaz zerbait. «Adimen artifizialak ez du ergelkeria ezabatzen». Eta askotariko «ergelkerien» adibideak jarri zituen; kasurako, erabiltzailea existitzen ez den toki batera bideratzen duenean makinak.

Sherina Florence IABMko sortzailea, atzo, Donostiako Dia C ekitaldian. JON URBE / FOKU
Sherina Florence IABMren sortzailea, atzo, Donostiako Dia C ekitaldian. JON URBE / FOKU

Gaur egun, «dena oso bizkor» doala nabarmendu zuen Florencek. «Eta bizkorregi aritzeak kontzientziarik eza dakar». Hain zuzen ere, bizkorregi dabilenak kontzienteki pentsatu gabe joka dezakeela ohartarazi zuen sortzaile britainiarrak. Sorkuntza kontzientziaduna aldarrikatu zuen.

Adimen artifiziala lanerako erabiltzeko orduan, estrategia bat behar dela ohartarazi zuen Florencek. «AA ispilu bihur daiteke. Eta zure pentsamenduaren kalitatea isla dezake, baina ez ordezkatu». Eta ohartarazi zuen erabilera horretan errutina batzuk ere ezarri behar direla.

«Kaosaren erdian, koherentziari eutsi behar diozu», adierazi zuen sortzaile britainiarrak. «Zenbaitetan, uste dugu kultura sortzen ari garela, baina beste kultura batzuk suntsitzen ari gara».

Hain zuzen ere, Florenceren ustez, adimen artifiziala ez da nola edo hala erabili behar. «Pentsatzen hasi behar dugu nola bilduko ditugun gauzak, guztiontzat kohesionatuak eta argiak izan daitezen». Kanpaina bakoitzean bada zer konpondu. «Baina, arren, eskatuko dizuet ez dezazuela erabili adimen artifiziala ergelkeriak goratzeko, zuen irudimenaren benetako formak agerian uzteko baizik». Ergelkeria ez handiesteko mezua hainbat modutan azaleratu zuen britainiarrak.

Analogikoa eta digitala uztartuz

Alastair Cotterill Facebook, Pinterest eta beste hainbat konpainiarentzat aritu da lanean, eta gaur egun Spotify audio plataformako laborategi digitala zuzentzen du. Kursaaleko hitzaldian, nabarmendu zuen teknologiak askotariko erabilerak dituela: «Kulturarekin konektatzeko ere erabil daiteke». Baina, aldi berean, datu beldurgarri bat eman zuen: Interneteko edukien erdiak baino gehiago adimen artifizialak sortutakoak dira.

Kontsumo joera batzuek, bestalde, bestelakoak erakusten dituzte. «Ikusten ari gara jendea gero eta gehiago ari dela binilozko diskoak erosten. Jendeak objektu fisikoak behar ditu, ukitu ditzaketenak. Haiekin benetako lotura duten objektuak». Eta badira joera adierazgarri gehiago ere. «Ikusten ari gara nola ugaritzen ari diren musika entzuteko gelak, tabernak eta kafetegiak, non eseri eta musika entzun dezaketen elkarrekin, kalitate handiko giroan». 

Alastair Cotterill LAB EMEA eta Spotifyko sormen burua, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Alastair Cotterill LAB EMEA eta Spotifyko sormen burua, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU

Miguel Espada SpecialGuestX agentziaren sortzaile eta zuzendariak, berriz, lehenbizi honako kontzeptu hau azaldu zuen: «Dagoeneko existitzen dira irudi guztiak, eta horrelako mundu batean zera egin behar dugu, haien arteko konexioa aurkitu». Mundu analogikoa eta digitala uztartzen dituzten gailu berezi batzuk sortzen dituzte bere enpresan azkeneko urteetan; kasurako, 1924ko Kodaken lehen kamera erabilgarriaren erreplika bat egin dute, eta kamera berri horretan adimen artifiziala erabil daiteke. «Sare sozialetan sekulakoak esan zizkidaten, gailu horren kontra». Nabaria da halakoak ez zaizkiola inporta Espadari. Beste batzuetan egin bezala, galtzamotz gorri batzuekin eman zuen Kursaaleko hitzaldia.

Jardunaldiari amaiera emateko, Roma ekoiztetxearen sortzaile eta ekoizle eragile Oscar Romagosak Juan Antonio Bayona zinema ekoizle eta zuzendaria elkarrizketatu zuen. Hark aipatu zuen ehunka gazte ikusi zituela aretoetan La sociedad de la nieve filmaren emanaldi batzuetan. «Askok esaten zidaten filmak ezin zuela bi ordu baino gehiago iraun, gazteek ezin dutela arreta mantendu. Ez zirudien Netflixek nahi zuen pelikula izango zenik, baina, orain, plataformak La sociedad de la nieve filmaren modukoak nahi ditu. Norabait iritsi nahi baduzu, moldeak hautsi behar dira».

Itxaropenerako argi izpi batzuk barreiatu dira Dia C ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA