Komuna garbitzen duen robot bat ere bada

Dia C nazioarteko publizitate ekitaldia egiten ari dira Donostiako Kursaal jauregian. Carlos Fenollosa Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko irakasleak iragarri du adimen artifizialak pentsioen arazoa konponduko duela.

Carlos Fenollosa irakaslearen hitzaldia, gaur, Donostiako Kursaalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Carlos Fenollosa irakaslearen hitzaldia, gaur, Donostiako Kursaalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko apirilaren 17a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru bideo, robot bat bakoitzean: aurrenekoan, robotak txiribueltak ematen ditu, gimnasta baten antzera —Bostonen garatu dute, AEBetan—; bigarrenean, robot bat tenisean jokatzen ari da —Txinan sortu dute, eta entrenamendu orduak eman dizkiote jolasten ikas dezan—; hirugarren bideoak, berriz, zur eta lur utzi ditu ikus-entzule gehienak. Txinako robot bat ageri da, etxe batean. Ohea egiten badaki, arrautza frijitu bat ere prestatu du, eta komuna garbitzen aritu da. Eskuak txukun-txukun garbitu ditu ondoren. Ez da fikzioa, existitzen da jada robot hori.

Carlos Fenollosa Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko adimen artifizialeko irakasleak jarri ditu bideoak Donostiako Kursaalean, Dia C publizitate ekitaldian. Adimen artifizialaren (AA) bueltako lerroburu bat baino gehiago eman ditu bere hitzaldian. «ChatGPT adimen artifizialaren zati txiki bat baino ez da», ohartarazi du. «Askotariko jendearekin hitz egiten dut, eta batzuek esan izan didate duela bizpahiru urte erabili zutela AA, eta tresnak ez zekiela gauza askorik. Baina kontuan hartu behar da hiru edo lau hilean behin adimen artifizialeko tresna berriak agertzen ari direla».

Kontu praktikoetara jo du irakasle eta idazleak. Deigarriak izan dira pantailan jarri dituen testu eta irudiak. Haietako batean irakur zitekeen: «AA bizitza kalitatea da. Minbizia sendatzen du. Klima aldaketaren kontra, material berriak sortzeko modua ematen du. Gutxiago kontsumitzen duten gailu txikiagoak sortzeko aukera ematen du. Adinekoak eta gaixoak zaintzeko robotak beharko ditugu. Medikuntza pertsonalizatua ahalbidetuko du, zehatza eta eraginkorra».

Beste lerroburu hau ere eman du Fenollosak: «Adimen artifizialak pentsioen arazoa konponduko du». Horren gaineko testuingurua eman du: 25 urte barru, jende kopuru bera egongo da lanik egin gabe eta lanean. «Urte batzuk barru, makinak lanean izango ditugu. Lanean behar ditugu. Eta ikusi behar duguna da makinen lan horrek nola sortzen duen aberastasuna, ongizatearen sistemari eutsi ahal izateko».

Lan arloan, era berean, irakasleak rol aldaketak iragarri ditu: «Enpresetan, seniorrek moldakorragoak izan beharko dute, eta juniorrei erakutsi beharko diete AA nola erabili eta nola lan egin enpresa barneko prozesuetan. Era berean, langile gazte edo hasi berriak AA managerrak izango dira. Kontuan hartu behar baita AA bera izango dela bideoak editatzen, kodea programatzen, agiriak bilatzen, txostenak idazten eta Excel-a gainbegiratzen ariko dena».

'Ikusi, sortzeko' lelopean 

Sormenarekin eta publizitatearekin lotuago mintzatu da Ilayda Celep diseinatzaile eta sortzailea. Adimen artifizialarekin egindako hainbat lan erakutsi ditu; tartean, garagardo marka baterako iragarki koloretsuak. Erabilgarria al da AA?, galdera azaldu da pantailan. Celepen erantzuna: «Bai. Adimen artifiziala benetan magiazkoa da».

Ana de Alvak, berriz, diziplina aniztasunaren aldeko defentsa egin du. Dantzaria, aktorea, kantaria, gidoilaria, zinema zuzendaria eta sexologoa da. «Samurtasuna defendatzen dut», adierazi du. Eta bestelako iritziak jaso dituen arren, diziplina horiek guztiak egiteko gai sentitzen dela azaldu du. «Batean aritzeak besterako aberasten nau». Goizeko jardunaldian parte hartu dute, halaber, Carlos Chaguacedak eta Marta Pazosek.

Pepa Rojo C de C taldeko presidenteak eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak egin diete ongietorria parte hartzaileei. «Aurtengo jardunaldien kontzeptua Ikusi, sortzeko da», azaldu du Rojok. «Sormena behar bat da. Sortzaileak inspiratzaileak zarete», esan du Dominguezek, bisitariei parez pare begira.

Bihar bigarren eta azken eguna izango dute Kursaalean. Hizlarien artean, Sherina Florence, Alastair Cotterill, Miguel Espada eta J. A. Bayona ariko dira. Amaitzeko, Espainiako Sormenaren Sari Nazionalak banatuko dituzte urteroko galan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA