benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Funtzio sigmoidea

2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zutabe honek Funtzio sigmoidea du izena. Baina zer da funtzio sigmoide bat? Itxura aldetik, S baten antza duen funtzio bat da, eta hainbat fenomeno deskribatzeko baliagarria izan daiteke. Pentsa dezagun, adibidez, azken hamarkadetako sakelako telefonoen ekoizpenean.

1997. urtea izango zen. Urte hartan, sakelako telefono bat nekez ikusten zen gure inguruan. Lautada baten itxura zuen mugikorren erabilerak. Garai hartan, gazteren batek horrelako gailuren bat publikoki erabiliz gero, denetariko irainak jaso zitzakeen, dela aberaskume, harroputz edo dena delakoa. Egidxe da, egidxe da, neuk ikusi dodalako. 1998. urtean gurasoei argi esan nien horrelako teknologiarik sekula ez nuela erabiliko. Edozein momentutan lagun edo senideren baten deia jasotzea? Mesedez! Kontrolatua izatearen sentsazio hori? Nik ez, nik libre izan nahi nuen. Sakelakorik ez, eskerrik asko.

Bizitzan zehar hainbestetan gertatu izan zaidan bezala, nire hitzak jan egin behar izan nituen orduan ere. Handik urtebetera, 1999ko gabonetan, Olentzerok, arbolapean, Nokia 3210 bana utzi zigun arrebari eta bioi. Lagunekin edozein momentutan hitz egiteko aukera? A zer pagotxa! Gaur egungo gazteek ez lukete ulertuko nolako iraultza izan zen dei galduen istorio hura guztia; horien atzean zegoen esanahien porrusalda tesi bat idazteko modukoa da.

Ondoren etorri ziren telefono adimendunak. Eta sakelako telefonoen salmenta urte gutxian esponentzialki hazi zen. Pentsa, gaur egun, bost mila milioi dira telefono adimendun baten jabeak munduan zehar. Baina egunen baten, smartphoneari ere iritsiko zaio agur esateko parada. Bestelako teknologiaren batek ordezkatuko du hori ere. Eta sakelakoen ekoizpen historikoan geldialdia izango dugu, funtzio sigmoidearen bigarren eta azken lautada bat ikusiko dugu.

Bestetik, adimen artifizialean funtzio sigmoidea sarri erabili izan da sailkatzeko. Adibidez, grisen eskalan kolore jakin bat zuria edo beltza den erabakitzeko. Bizitzan, baina, gauzak ez dira hain sinpleak. Ondo bidean, irailean ikusiko dugu elkar. Ikasturte honetako gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.