urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Galiziako ispilua

2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sarri aipatzen da ―arrazoiz, noski― ikus-entzunezkoei dagokienez ezin direla konparatu Euskal Herriko egoera eta Kataluniakoa. Ezta telebista publikoan ere. Katalanez mintzo diren herritarren kopurua ezin baita parekatu euskaraz dakitenen kopuruarekin. Ados.

Errealitate soziopolitiko oso desberdinak izan arren, Galiziako eta Euskal Herriko egoera batzuk aldi berean mahai gainean jartzea ez dago gaizki, edonola ere. Kontzientzia hartzeko euskal komunikazio publikoaren esparruaren jiteez, bederen.

Aste honetan izendatu du Galiziako Parlamentuak CRGTVko zuzendari berria: Concepcion Pombo. Oposizioko alderdi politikoek eta beste talde batzuek salatu dute Galiziako Xuntak —PPk— hedabideen legea aldatu zuela zuzendari berria nahieran izendatzeko. Langileak protestan ari dira ostiralero; 373 ostiral beltz daramatzate jada, «manipulazioa eta kontrol politikoa» salatzen.

Egin bost urte atzera: EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publiko baten bidez hautatzea proposatu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, horrek modua emango lukeelakoan edozein hedabide publikotan funtsezkoak diren «objektibotasuna, neutraltasun politikoa eta gobernuarekiko independentzia» bermatzeko. Elkarrekin Podemos-IUk honako hau galdetu zuen: «Zer espero dezakegu EAJren morroia den zuzendari batez?».

Andoni Aldekoa izendatu zuten EITBko zuzendari nagusi, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk Aldekoaren profila zein zen azaldu zuen orduko hartan: «Aldekoa EAJko lehen mailako militantea da, hamasei urtez Iñaki Azkunaren konfiantzazko gizona izandakoa, eta [Iñigo] Urkulluren Komunikazio zuzendaria ere izan da Lehendakaritzan».

Galiziako irrati-telebista publikoko zuzendari berria izendatu zuten egun berean, uztailaren 8an, EITBko langile batzordeko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten Bilbon —beste kate autonomiko batzuetako langileek ere egin zuten protesta—, salatzeko ez dutela esku hartze politikorik nahi hedabide publikoetan. Euskal Herriko egoerari ere egin zioten erreferentzia: «EITBko zuzendaritza izendatu zutenean, agintariek komunikabide publikoa beren interes politikoen mesedetan erabili izana salatu genuen. EITBko langileok argi utzi genuen ez dugula onartuko euskal hedabide publikoa alderdi politiko edo erakunde baten propagandarako tresna izatea, eta are gutxiago helburu horrekin langileei presio egitea».

EITBko lagile batzordearen protesta, TVGko zuzendari berriaren izendapena dela eta
EITBko langile batzordearen protesta, uztailaren 8an Bilbon, TVGko zuzendari berriaren izendapena dela eta. EITB-KO LANGILE BATZORDEA

Hitzak haizeak eramaten ditu.

2024ko abenduan EITBko zuzendaritzak Nagore de los Rios izendatu zuen Eitb.eus eta Social Mediako zuzendari. Ez daki euskaraz. Aldiz, PSE-EEren komunikazio zuzendaria izan zen, eta Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara eraman zuen kanpaina zuzendu zuen. Badira EITBko zuzendaritzan euskaraz ez dakiten beste bi arduradun ere. Otsailaren 25ean, elkarretaratze bat egin zuten Bilbon, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu Gidoia mugimenduak deituta, EITBko zuzendaritzakoek euskaraz jakin behar izatea exijitzeko.

Protestak haizeak eramaten ditu.

Fikzioa galegoz TVGn

Haizeak eramanagatik, ez zaio protesta egiteari utzi behar. Aldatu Gidoia mugimenduak sare sozialetan plazaratu duen moduan, Euskal Telebistak All Criatures Big and Small Erresuma Batuko Channel5 kateko telesailaren eskubideak erosi ditu gaztelaniara bikoiztu eta ETB2n emateko. «Non geratzen da euskara, non sorrera-helburuak?», galdetu dute Aldatu Gidoia mugimendukoek.

Bitartean, PPk kontrolatzen duen TVGn galegoz bikoiztuta ematen dituzte atzerriko filmak eta telesail guztiak —ETB1en salbuespen eskas bat bada: Akademia telesaila ematen hasi dira, baina jarraitutasunik gabe, egunetan saltoka—.

Admnistrazioan Euskaraz taldearen pankarta 2019. urtean
Administrazioan Euskaraz taldearen pankarta bat, 2019. urtean. BERRIA

Sei urte joan dira Administrazioan Euskaraz talde euskaltzaleak pankarta xelebre bat kalera atera zuela. Ironia eta errealitatea uztartzen zituen, eta Alberto Nuñez Feijoo orduko Xuntako presidentea ETBko zuzendari izatea eskatzen zuen, modu horretan Euskal Telebistan filmak euskaraz ikusi ahalko zirelako.

Bistan da. Galiziako irrati-telebista publikoan PPk kontrola areagotu du, baina galegoz emititzen ditu fikzio lanak emankizun konbentzionaletan. EITBn EAJk jarraitzen du agintzen, eta gaztelaniaz ematen dira atzerriko pelikula guztiak. Baita telesail prestigiotsuak ere. Hori bai, Bruselara joan Europan euskara ofizial izendatu dezatela eskatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.