Sara Azurza
Ekografiak

Gauak amaitzen direnean

2026ko urriaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heldutasuna, komunitatea eta familia uztartzen ditu Jordan Firstmanen opera prima zoragarri honek. Club Kid, Donostia Zinemaldian nabarmendu diren filmetako bat, premisa ezagun batetik abiatzen da, baina begirada propioa eskaintzen du.

Badago une bat bizitzan, non gaua luzatzeak askatasunaren sinonimo izateari uzten dion. Hor kokatzen da filma. Heldutasunari ihes egiten dion gizon baten istorioa baino gehiago, gaztetasuna betiko luzatu daitekeela sinetsi duen belaunaldi baten erretratua da.

Peter New Yorkeko gauaren parte da, ia gaua bera bezainbeste. Drogak, klubak, sexu-harreman kasualak eta biharamun amaigabeak dira bere egunerokoa. Urteak igaro dira, baina haren bizitzak ez du ia aurrera egin. Horregatik, 10 urteko Arlok bere atean agertu eta bere semea dela esaten diotenean, haurra Peterrek hainbeste denboran saihestu duen denboraren joanaren froga fisiko bihurtzen da.

Firstmanek kontraste horretatik ateratzen ditu filmaren unerik onenak. Aitatasunaren errutinek —eskola, medikua, ordutegiak— klubetako kaosarekin talka egiten dute, baina filmak ez ditu bi munduak elkarren etsai bihurtzen. Arlo Peterrekin DJ aritzera ere iristen da. Hor dago Club Kid-en begiradarik interesgarrienetako bat: heltzeak ez du nahitaez aurreko bizitza suntsitzea esan nahi. Agian, beste norbaitentzat lekua egitea besterik ez da.

Filmak, ordea, ez dio beti bere ideiaren konplexutasunari eusten. Peter azkarregi bihurtzen da aita arduratsu. Bere kaosa hain sakona bada, zaila da sinestea bat-batean beste pertsona baten ardura hartzea hain erraza izatea. Gidoiak protagonistari benetan huts egiten uzteko beldurra duela dirudi, eta horrek gatazkari indarra kentzen dio.

Firstman filmaren zuzendari, gidoilari eta protagonista izateak, gainera, irakurketa pertsonalago baterako atea irekitzen du. Peterrek New Yorkeko gau estridenteen erdian heldutasunerako bidea egiten duen bitartean, Arlo ispilu moduko bat bihurtzen zaio: zaindu beharreko haur bat, bai, baina baita bere buruari beste modu batera begiratzera behartzen duen presentzia ere. Interpretazio bat besterik ez bada ere, Arlo Peterrek oraindik barruan daraman haurraren isla ere izan daiteke.

Hala ere, Club Kid ez da heldutasunari buruzko sermoi bat, eta eskertzekoa da. Film dibertigarria, kaotikoa eta, batez ere, sentibera da. Festaren, gehiegikeriaren eta umorearen azpian, zaintzari buruzko istorio samurra dago. Eta zenbaitetan bere mezua esplizituegia bihurtzen bada ere, azken batean, familia egiteko modu ezberdinei, komunitateari eta elkar zaintzearen indarrari buruzko istorio ederra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA