Eusko Jaurlaritzak 2025eko ekitaldian 8,8 milioi euro banatuko ditu film luzeak, film laburrak eta telesailak ekoizteko. Besteak beste, euskarazko jatorrizko bertsioko telesailen lehen denboraldiei hiru milioi euroko aurrekontua jarriko zaie; deialdian zehazten da «kalitate handikoak eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoak» lagunduko direla. Musikaren soinua ez da txarra. Datozen urteetan ez dirudi berriz gertatuko denik 2016ko udaberritik 2019ko abendura gertatu zena: ETB1ek ez zuen helduentzako euskarazko telesail berririk eman tarte luze horretan. Go!azen eta kito.
Euskarazko telesail gehiago baldin badaude, aukera handituz gero, esan ahalko da «hau hobea» dela, «hau kaskarragoa», eta patxadaz iritzia eman. Kontua da azkenaldian urria dela oso euskarazko telesailen eskaintza. Tentuz eman behar direla epaiak.

Primeran plataformak euskaraz eta Netflixek gaztelaniaz eman dute azkeneko asteetan Desagertuta telesaila. Primeran-en 350.000 erreprodukzio izan ditu, lehen tokian ibili da. Eta Espainiako Netflixen hainbat astez izan da aurreneko postuan. Pentsa daiteke Primeran-ek harpidedun berriak ere lortu dituela telesailaren efektuaren eraginez. Ez dago batere gaizki.
Ikus-entzule euskaldunek kalitatezko euskarazko telesailak ikusi nahi dituztela agerikoa da. Iritsiko dira...
Eta ezin da ukatu Desagertuta telesailak gorabehera handi samarrak dituela, bai gidoietan, bai aktoreen interpretazioan, bai exekuzioan eta bai azken emaitzan. Telesaila bi aldiz grabatu zuten; sekuentzia bakoitza euskaraz eta gaztelaniaz. Tristea da jakitea dezente gehiagotan grabatu zituztela sekuentziak gaztelaniaz, euskaraz baino. Ikus-entzule euskaldunak bigarren mailakoak al dira ba?
Desagertuta bezalako telesail batean, funtsezkoa da indartsu hastea eta atalez atal narrazioak ikuslea kateatzeko amuak izatea. Kontua da lehen bi atalek bazituztela gabezia batzuk, kosta egiten zitzaiola arrankatzea. Eta, ondotik, atal hobeak iritsi arren, badirela istorioaren garapenean eta kontakizunean sinesgaitzak egiten diren hainbat kontu. Ez du horrek laguntzen, noski, ikuslea erabat kateatzen. Ezta liluratzen ere.
Bide bat egiteko
Esan behar da, edonola ere, Desagertuta-n ez dela dena txarra. Euskal musikako erreferente garaikideen doinuak oso txukun daude hautatuak une batzuetan; kasurako, atal baten hasieran Verde Pratoren kanta bat nola sartzen den. Bestetik, telesaileko aktore protagonisten belaunaldiarekin bat egiten du fikzioak, eta azkeneko urteetan adin horretatik beherako haurrentzat egin dira euskarazko telesail gehienak. Funtsezkoa da Go!azen eta Irabazi arte lanen ikusleek, adinean aurrera egin ahala, euskaraz zer ikusi izatea. Eta Desagertuta bada haientzat ekoizpen egoki bat. Badira Netflixen haientzako lan kaskarragoak eta hutsalagoak, zalantzarik gabe.
Ez dadila Desagertuta salbuespen bat izan gazteentzako telesailetan. Eta ez daitezela egileak konformismoan murgildu fikzioak arrakasta lortu duelako bi plataformetan. Netflixek bigarren denboraldi bat egiteko aukera emango balie Pausoka eta iZen ekoiztetxeei, aukera egongo litzateke makina bat kontu fintzeko. Eta pozgarria izango litzateke telesailak jarraipena izatea, ikus-entzule askok dagoeneko enpatizatu dutelako pertsonaiekin, eta Aiako Harria atzean duen testuinguru horretan badelako mami gehiago ateratzerik.

Fikzioan zenbat eta saiakera gehiago egin, orduan eta hobeto. Badirudi Eusko Jaurlaritzaren laguntza berriek emango dutela horretarako modua. Euskal Herrian badira sortzaile, aktore eta teknikari oso onak, telesail interesgarriak egin ditzaketenak. Onenak iristeko daude —orain arte Euskal Herrian grabatu den telesailik onena Cristobal Balenciaga da, baina gaztelaniaz zen—.
Desagertuta-k baditu indarguneak eta ahuleziak. Gorabeheratsua da, esan bezala. Baina ikustea merezi du. Zortzi atalak erraz ikusten dira, istorioa nola amaituko den jakin-minari eusten dio. Halako koprodukzioek bide bat hasi dute, bidea dute egiteko. Egingo dute, azken emaitza kaskarragoa ala hobea izan.