Ez da hainbeste denbora pasatu. 2005eko urtarrilean, Mikel Martin EHGAMeko militanteari (Errenteria, Gipuzkoa, 1954-2023) bortizki eraso zioten Espainiako Armadako lau militarrek; 137 egun egin zituen ospitalean Martinek, zauriez osatzen. Ez da hainbeste denbora pasatu. Herri euskaldun eta aurrerakoietan, LGTBI komunitateko herritarrak oso ezkutuan ibili behar izaten ziren, edo erbestera joan. Hego Euskal Herrian 2005eko uztailaren 3aren aurretik ezin ziren ezkondu sexu bereko bi herritar; Ipar Euskal Herrian 2013ko maiatzera arte ez zen baimentzen halakorik. Aurten, maiatzean, eraso homofobo bat gertatu zen Tolosan (Gipuzkoa): herritar bati indarkeriaz eraso egin zioten, eta irain homofoboak egin. Hori orain eta hemen gertatu da, beraz.
Zinegoak zinema jaialdia egiten ari dira egunotan Bilbon. Bihar amaituko da. Eta merezi du aipatzea jaialdiak indarkeria matxisten, LGTBIfoboen eta giza eskubideak diskriminatzen edo urratzen dituen beste edozein jokabideren aurka jarduteko eta prebenitzeko protokoloa duela. «Gure ustez, indarkeria matxistak eta LGTBIQ+fobikoak desberdintasunaren eta diskriminazioaren egiturazko adierazpena dira. Ondorioz, gure gain hartzen dugu horiei aurrea hartzeko eta ikuspegi feminista, intersekzionala eta komunitarioa erabiliz aurre egiteko erantzukizun kolektiboa», dio jaialdiak.

Hainbat herrialdetako lanak eman dituzte egunotan jaialdi horretan. Tartean dira Erroak-Euskal Panorama saileko Euskal Herriko sortzaileen film laburrak: Eneko Lopez de Luzuriagaren Lamietxe; Guillen Palacinen Los vinilos; Nagore Alonso Perezen Ultravioleta, Iker Perezen Maruxak eta Maren Zubeldiaren Ultramarino. Zubeldia bera lanean aritzen da jaialdian, eta Primeran plataformako Kult zinea saioaren denboraldiko azken atalean agertu da hizketan; hain zuzen ere, Zinegoak-i buruz aritu dira jaialdiko zuzendari Alaitz Arenzana, hasiera ekitaldiko aurkezle Kepa Errasti, ZGaztea saileko arduradun Josu Maldonado eta jaialdiko komunikazio arduradun ohi Julen Nafarrate, Zubeldiarekin batera.
Primeran plataformatik irten gabe, Zinegoak jaialdiari eskainitako bilduma bat osatu dute. LGTBI kolektiboari buruzko telesailak, film luzeak eta film laburrak aurki daitezke bertan. Ikus-entzuleek deskubritzeko gomendioen artean, honako film labur hau: Aitor Gametxo Zabalaren Hemen. Gaur. Berriz (2020).
Kazetari katalanen eskutikÂ
Gaur da LGTBI Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Zoritxarrez, kolektibo horren aurkako erasoak ez dira berehalakoan desagertu; erakunde batzuetan eskuin muturra boterera iristeak areagotu egin ditzake erasoak. Beste herrialde batzuetako adibideak begiratzea baino ez dago.
Halakoetan, kazetaritzak izan dezake bere rola. Kataluniako Kazetarien Elkargoak eta Kataluniako Informazioaren Kontseiluak duela egun batzuk desinformazioaren eta gorrotoaren diskurtsoaren inguruko bost ikerketa aurkeztu dituzte. Agiri bateratu bat plazaratu dute, eta, hartan, kezka azaldu dute gorroto diskurtsoek gorantz egin dutelako. «Urte luzez eraikitako balioak mehatxatuta daude, planteamendu arrazista, xenofobo eta etorkinen eta LGTBI kolektibokoen aurkako mezuekin. Pobreziaren estigmatizazioa eta adinekoen eta mendekotasuna dutenen marjinazioa tartean dira». Kazetari katalanen mezua sendoa da. «Betebehar zibikoa da giza eskubideen aurka jotzen duten diskurtso horiei aurre egitea». Kode bat ondu dute katalanek, «mehatxu berri horiei aurre egiteko».
Kataluniako bi erakunde horiek nabarmendu dute, era berean, garrantzitsua dela jakitea nola ematen den informazioa, nolakoa den ekosistema mediatikoa, eta nola garatzen diren desinformazioa eta gorrotoa. Horregatik abiarazi dituzte ikerketa horiek.
Euskal Herrian egin izan dira lanketak gai horren inguruan. Bide horretan sakontzea garrantzitsua litzateke oso. Eskubide asko daude jokoan.