Astelehenean eraso homofobo «bortitz» bat gertatu zen Tolosan (Gipuzkoa), udalak ohar bidez jakitera eman duenez. Herritar bati indarkeriaz eraso egin zioten, eta irain homofoboak egin zizkioten. «Horrelako erasoek pertsonen askatasuna eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzte, eta ez dute lekurik errespetuan, aniztasunean eta bizikidetzan oinarritzen den gizarte batean», dio EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk sinatutako adierazpen instituzionalak.
Erasoa jasan duen herritarrari eta haren ingurukoei «babesa eta elkartasun osoa» helarazi dizkie udalak. Halaber, azpimarratu du «errotik» gaitzesten duela gorroto, diskriminazio edo indarkeria adierazpen oro, «izan sexu orientazioagatik zein genero identitate edo adierazpenagatik». Halaber, erasoa ikusi zuten herritarrei dei egin die udalarekin harremanetan jartzeko gertatutakoari buruzko informazioa osatzeko.
Udalak esan du lanean jarraituko duela Tolosa «herri aske eta segurua» izan dadin, eta pertsona guztiek «beldurrik gabe» eta «askatasunez eta duintasunez» bizi dezaten beren sexu orientazioa eta identitatea. «Gorrotoari elkartasunarekin, erantzukizun kolektiboarekin eta errespetuarekin erantzungo diogu», gaineratu du.