benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Gorrotoa neurtu?

2026ko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Chat Control izena du Europar Batasunean proposatutako araudi batek. Haren helburua da haurren sexu-abusuei lotutako materiala atzematea. Zilegizko helburua, ezta? Baina hasierako proposamenak erabiltzaileen komunikazioak automatikoki eskaneatzeko betebeharra ezarri nahi zien mezularitza plataformei. Horrek esan nahi zuen WhatsApp eta antzeko zerbitzuetan bidalitako denon edukiak algoritmoek berrikusi ahal izatea, legez kanpoko materialaren edo portaera susmagarrien bila.

Duela pare bat aste, ordea, EBko askatasun zibilen, justiziaren eta barne gaien batzordean egindako bozketak zoriontzeko aldaketa esanguratsuak sartu zituen erregelamendu horretan. Alderdi Piratako Markeeta Gregorovaa eurodiputatu txekiarrak zuzenketa bat aurkeztu zuen, eta Parlamentuak onartu egin zuen. Zer dio zuzenketak? Komunikazio pribatuen edozein eskaneatze susmo arrazoitua duten banakako erabiltzaileetara mugatuko dela, betiere aurrez agintaritza judizial eskudunak identifikatuta. Ikusiko dugu etorkizunean erregulazio horrek zer bide hartzen duen, oraindik alda daiteke eta.

Bestetik, hilabete honetan bertan, Espainiako Gobernuak HODIO izeneko tresna aurkeztu du, sarean eta plataforma digitaletan gorroto-diskurtsoaren presentzia modu sistematikoan neurtzeko. Instagram, TikTok, X, YouTube, Facebook eta halako plataformetan zenbat gorroto mezu dauden erakusteko sailkapen publiko bat da HODIO. AA erabiliko da han idatzi eta esaten ditugunak aztertzeko.

Baina gorrotoaren aurrean, hura neurtzea edo kontrolatzea baino interesgarriagoak iruditzen zaizkit beste bi erantzun hauek. Batetik, Mastodon plataforma deszentralizatuan egiten dutena: beste zerbitzari batetik gorroto mezuak jasotzen direnean, erabiltzaile, federazio edo nodo hori mugatu edo eten egiten da. Bestetik, futboleko Bizkaiko Arbitroen Batzordeak hartu duen erabakia: azken asteotan, zenbait futbol epailek —haien artean, adin txikiko batek— irainak, mehatxuak eta erasoak jasan dituzte hiru klub ez-profesionalen ingurutik. Hori ikusirik, arbitroen batzordeak erabaki du talde horien partidetara epailerik ez bidaltzea. Futbola kirol zoragarria da, baina gazte zein helduen partidetan astebururo hainbat zelaitan ikusten diren gorroto erakustaldiak lotsagarriak dira. Ondorio seriorik ezean, ez da ikusiko aldaketarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!