Joan dira urte batzuk futbol partida entzutetsuenak ETB1en ikus zitezkeenetik. Hainbeste, non ez dakidan esaten zehazki zein urtetan utzi zioten, adibidez, gizonezkoen Espainiako Lehen Mailako asteroko partida emateari. Geroztik, emakumezkoen euskal taldeenak eskaini dituzte zenbait urtez, baita gizonezkoen Bigarren Mailakoak ere. Orain gutxi, Espainiako Kopan Athleticen eta Osasunaren artean jokatu ziren bi finalerdiak ere bai. Baina edonola ere, 1990eko hamarkadako asteroko partida horiek dira lagunartean oroitzen ditugunak; eta batez ere, bide urratzaile izan ziren esatari edo narratzaileak: Juanan LarraƱaga, Juanan Legorburu eta abarrak. Makina bat esamolde sartu zituzten gure hiztegian: jokoz kanpo, erdiraketa, punpa-lasterrean, soropila... Hala da, Juanan.
Aitzindarien lan horrek eman dituen fruituen zerrendan sar daiteke ETBtik kanpo loratu den beste ale bat. DAZNek eskaini ditu Espainiako Lehen Mailako norgehiagoka gehienak aurten. Eta horien artean, Osasunak, Athleticek edo Realak jokatu dituenak euskaraz ikusi ahal izan dira. Julen Axpe arduratu da talde zurigorriaren jardunari hitzak jartzeaz, eta gainontzeko bi taldeak Jokin Goikoetxea tolosarrak iruzkindu ditu. Bitxia da bertaraino egin duen bidea: Bartzelonako Euskal Etxean ikusitako iragarkiak eraman du mikrofonoraino. LarraƱagak eta Legorburuk baino erronka zailagoari egin diote aurre: lan bakartia izan da haiena, kontra egingo dien lagunik gabe aritu dira esatari.
Baliabideak behar dira bakarkako jarraipena bizitzeko, eta horretan, Goikoetxeak irudimen erakustaldia eman du. Tematu da Twitterren euskal futbolzaleak xaxatu eta elkarrizketa sortzen; ertz umoretsuak atera dizkio egoera bakoitzari; eta Txiribitonen klaxona ere berpiztu du, bigarren esatariaren rola ordezkatzeko. Hori guztia, euskarari eta euskal kirolariei etengabeko aipamena eginez. ETBn bertan ere gero eta urriagoa den nazio ikuspegia eta ezagutza kulturala eraman ditu DAZN den nazioarteko plataformara. Hori da orain artean egin ahal izan duena. Pasa den igandean, Reale Arenak Asier Illarramendi nola agurtzen zuen kontatu bitartean, bere egoeraren berri eman zuen: itxuraz, oraingoz ez dute kontratua berritzeko eskaintzarik jaso. Futbolari asko bezala, udaren bilakaeraren zain egon beharko dugu.
EKOGRAFIAK
Hala da, Jokin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu