Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Harrotasuna

2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nork ez du esan inoiz «ni (herri/auzo)tarra naiz eta harro nago»?, ba, hori bera esaten dute Iraide Susperregi Oiarzabalek eta Manex Elgeta Tolosak gidatzen duten Oiartzuarra naz eta harro noz podcastera doazen gonbidatuek, baita bi gazte hauek ere, nahiz eta bat —aitortu duenez— ez den Oiartzungoa. Harrotasuna da berea, eta beharbada harrokeria puntu bat ere bai. Baina, zergatik ez? Harrokeria baita gazteen berezko ezaugarria, eta lotsagabekeria puntu batekin nahastuta, koktel ederra ateratzen da, saio horrek eskaintzen duen bezalakoa, fresko eta mina.

Zortzi atal eta sei gonbidatu iragarri zituzten lehenengo saioan, eta momentuz hortik pasatu dira Maider Zabalegi eta Ekain Telletxea musikariak eta Mirari Martiarena umorista. Saioa Orgasmo gazte sortzaileen taldearen lankidetzaz eginda dago, antolatzen dituzten beste arte ekintzak bezala, podcasta adierazpide egokia baita sormena lantzeko, baita gauzak sortzen dituzten herrikideak ezagutzeko ere.

Harro egon daitezke Haurtzaro ikastolako Indira, Sarai eta Paul ere, baita Elizalde eskolako Liher eta Hegoa oiartzuar gazteak ere, Herrimatuz saioaren lehenengo atalaren protagonistak eta bigarreneko galdera egileak. Zaintzadi, Petra Lekuona eta Aiton-etxe proiektuetako erabiltzaileekin belaunaldien arteko elkarrizketa lortu dute, eta aitortu behar dut bigarren atala entzuten ari nintzela emozionatu egin naizela adineko pertsona batzuek kontatutako bizipenekin. Ze gutxitan ematen zaien ahotsa gure irratietan, eta zenbat gauza dituzten kontatzeko! Adibidez, jakin ahal izan dut nola heldu ziren lehenengo diskoak Oiartzun Irratira Pablo Cabezasen bitartez, irratian lan egiten zuen gazte batek aitari eskatu ondoren. Leku ezberdinetatik bizitzaren gorabeherek eraman zituzten Oiartzualdeko herri horretara, eta ziur nago bertan sustraitu izanaz ere harro daudela.

Bi irratsaio horiek ziur aski ez dute udal irratia kokatzen den eremuko mugetatik kanpo oihartzun handia izango, baina ziur nago herria egiteko baliagarriak direla, eta izan direnak eta direnak hobeto ezagutzeko eta komunitate berekoak izateagatik harro egoteko parada ematen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA