Rick Rubin mundu mailako musika ekoizle ezaguna da. Seguru asko, hark ekoitzitako diskoren bat entzun duzu, hainbat musikari ezagunekin lan egin baitu: Beastie Boys, Run-D.M.C., Slayer, Red Hot Chili Peppers, Johnny Cash eta Adele, besteak beste.
2023an liburu interesgarria idatzi zuen, The Creative Act: A Way of Being (Sortzearen ekintza: izateko modu bat) izenekoa. Ez da nobela bat, saiakera bat baizik. Bere ekoizle esperientziatik abiatuta, edozein motatako sortzaileentzat planteatzen ditu hainbat ideia. Liburuan bada Hasiberriaren gogoa izeneko atal bat. Bertan azaltzen duena laburbilduko dugu hemen.
Duela hiru mila urte Go izeneko estrategia joko bat asmatu zuten Txinan. Xakea baino zaharragoa da, baina ez hori bakarrik, askoz konplexuagoa ere bada, mugimendu aukera askotarikoagoa baita. Zutabe honetan aipatu izan dugu Deep Blue ordenagailuak 1997an Garri Kasparov xakean gailendu zuen eguna. Baina hau desberdina zen. Ezinezkoa zirudien Go jokoan horrelakorik gertatzea. Harik eta 2016. urtean AlphaGo izeneko adimen artifiziala iritsi zen arte. AA eredu hori entrenatua izan zen benetako 100.000 partida erabilita. Horren ondoren, adimen artifizialak bere buruaren kontra jokatu zuen, eredua hobetuz. Iritsi zen egun seinalatua. Munduko txapeldunak aurrez aurre zuen AlphaGo adimen artifiziala. Bigarren partidako 37. mugimenduan, makinak inork espero ez zuen erabakia hartu zuen. Ez zuen inolako zentzurik, Go jokalari batek ez luke sekula mugimendu hura aukeratuko, hasiberri baten erabakia zirudien. Aurrean zegoen Go txapelduna urduritu egin zen, aulkitik altxatu eta gelatik irten behar izan zuen. Zentzurik gabeko mugimendu hark baldintzatu egin zuen dena, eta, azkenean, ordenagailuak irabazi zituen bost partidetatik lau.
Adimen artifizialaren historian mugarri bihurtu zen egun hura. Baina Rick Rubinek istorio horrekin azaldu nahi diguna zera da: sarritan, sortzaile batentzat zailena haurraren begirada berreskuratzea dela. Horrek eskatzen baitigu ikasitakoa askatzea. Gero eta gehiago dakigula uste dugunean, oso argi ikusten ditugu gure aukerak zein diren. Baina ezinezkoa eskuragarri bihurtzen da, soilik, esperientziak irakatsitako mugak alde batera uzten ditugunean, hasiberriaren gogora bueltatzen garenean.