Whitney Wolfe Herd izan zen Tinder aplikazioari izena eman zion emakumea. 2012an, enpresaren hasierako taldean aritu zen, eta, aplikazioaren garapenaz gain, marketin sailean nabarmendu zen haren lana. Hala ere, 2014an Tinder utzi behar izan zuen, enpresan bertan jasandako sexu-jazarpena eta diskriminazioa salatu ostean. Tinder utzi arren, Whitneyk sektorean jarraitu zuen. 2014an bertan, Bumble aplikazioa sortu zuen. Harreman afektiboez gain, Bumblek lagunak egiteko aukera eta esparru profesionaleko kontaktuak egiteko bidea ere eskaintzen ditu. Erabilera-mekanismoa bera da hiruretan: aurrean duzun profila ezkerretara edo eskuinetara irristatzea zure interesaren arabera.
Burtsan badakigu espekulazio ariketa itzelak izaten direla, baina informazio interesgarria ere lor daiteke bertatik. Azken urteetako burtsako datuek, adibidez, krisi sakon bat erakusten digute harreman digitalen sektorean. Bumbleren akzioek balioaren %92 baino gehiago galdu dute 2021eko otsailean enpresa burtsara irten zenetik. Tinderren jabe Match Group taldearen egoera ez da askoz hobea: haren akzioen balioa ia %80 jaitsi da 2021etik hona.
Baina zer ari da gertatzen industria horretan horrelako gainbehera izateko? Badirudi swipe fatigue edo profilak etengabe pasatzearen nekea zabaldu dela erabiltzaileen artean, eta jendea masiboki ari da ligatzeko aplikazio horietatik alde egiten. Egoera hori ikusita, Whitney Wolfe Herdek erabaki du ezker-eskuin irristatzeko mekanismo hori amaitu beharra dagoela Bumble aplikazioan. Horren ordez, sistemak erabiltzaileari galderak egingo dizkio bere interes, lehentasun eta esperientzien inguruan, eta, ondoren, adimen artifizialak aukeratuko ditu erabiltzaileari eskainiko zaizkion profil bateragarriak. Baina aldaketa horrek suspertuko al ditu mota horretako aplikazioak?
Nire apustua da egoerak bere horretan jarraituko duela. Forbes Health-en ikerketa baten arabera, aplikazio horien erabiltzaileen %78k adierazi dute nekatuta daudela; ghosting-a, elkarrizketa errepikakorrak eta etsipena dira arrazoietako batzuk. Funtsezko arazoa ez da teknologiaren garapena, baizik eta eredua bera gain behera doala.