benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Hegazkin modua

2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Getxoztarra da Garazi Sanchez surflari profesionala. Duela bi hilabete argitaratu berri du Modo avión izeneko dokumentala. Sakelako telefonoak sor dezakeen adikzioaz hitz egiten du bertan. Eta horren aitzakiarekin egin diote elkarrizketa Hiruka aldizkarian. Hau da azpimarratu dioten esaldia: «Algoritmoak ez dit ezarriko zer gustatzen zaidan».

Dokumentala egitea esperimentua izan da beretzat. Mexikora joan da, sakelako telefonorik erabili gabe nola bizi daitekeen aztertzeko. Hartu ditu bere surf taulak eta herrialde hartan igaro ditu hainbat egun. Eta erabaki du mugikorra modo avión-en jartzea, hegazkin moduan jartzea, kanporako konexiorik gabe.

Bere surf estilo ederrak eta olatu bikainek kontrastea egiten dute haren hitzen halako ezinegonarekin. Dokumentalean zehar Garazik hitz egin digu sare sozialetara konektatuta egon beharraz, deskonektatuta izan eta balizko aukerak galtzeko beldurraz. Eta eguneroko bestelako adibideak ere azaldu ditu bertan, xumeagoak. Surfeatzeko edo gosaltzeko hitzorduez ari da. Baliteke laguna garaiz agertzea. Edo, agian, ez. Baina ez dago benetako larritasunik. Laguna momentu oro non den jakin behar izate hori ez da beharrezkoa.

Garazik ere aipatzen du, surfa eta sare sozialak elkar gurutzatzen direnean, badela sentsazio desatsegin bat. Eta ondo ulertzen dugu adierazten duena. Esaten du beste nonbaiten beti daudela olatu hobeak, beste norbait ari dela zureak baino olatu hobeak surfeatzen. Eta sare sozialen algoritmoek erakutsiko dizkizute olatu horien irudi distiratsuak. Garazi surfaz ari da, baina hitzok azaleratzen dute sakonagoa den errealitatea.

Esperimentuko egun horietan lasaiago dagoela dio. Mugikorrik gabe ematen dituen ordu horiek aspertzeko beta eman diote. Eta asperduratik kuriositatea ernaldu zaio. Burua altxatu eta ingurua ezagutzeko parada hartu du. Hasi da konfiantza handiagoa izaten inguruan duen jendearengan, benetako sarean.

Eta begiak irekitzeari esker ezagutu du Interneten aurkitu ezingo zukeen olatu bikaina. Garaziren ahotik entzun dugun esaldi batekin amaituko dugu: «Egon zaitez zauden lekuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.