benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Hemen, Neuronatron

2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Auzoko kafetegi berrira abiatu zara. Espezialitate kafe bikaina dute bertan. Egun onak eman dituzu. Bueltan ere egun onak eman dizkizute, erdaraz. Euskaraz egin diozu eskaera: «Myanmarko kafea nahi dut; bide batez, ba al duzue olo esnerik?». Badutela erantzun dizu, erdaraz berriro, eta galdetu dizu bertan hartzeko kafea den, ala eramatekoa. Zuk euskaraz erantzun eta hark ulertu zaitu.

Kafetegiaren sarreran bada pegatina bat: «Hemen, Neuronatron». Aurten, 2038. urtean, gobernua diru laguntzak ematen hasi da saltoki guztietako langileek teknologia hori eskuragarri izan dezaten. Egia esan, ez da hain beharrezkoa izan hori egitea, guztiz zabaldua baitago gizarte osoan.

Neuronatron izena du mundu guztiak burmuinean ezarrita daukan txipak. Emaitza oso onak eman ditu 2030. hamarkadaren hasieratik. Ikusteko gaitasuna galdua zutenek berriro lortu dute ikusmena. Gauza bera gertatu da entzumen eta hizketa urritasuna dutenekin. Berreskuratu dituzte ahotsa eta entzumena, %100ean.

Txip horiekin sekulako iraultza gertatu da hizkuntzen arloan ere. Oso denbora gutxian, mundu guztia bihurtu da belarriprest. Orain, edozein epaile, mediku, ertzain, tabernari, lankide edo kuadrillako lagun gai da zuk euskaraz esandakoa ulertzeko. Txipari esker, hartzaileak nahi duen hizkuntzan entzungo du zuk esandakoa. Sarritan ez duzu jakin ere egingo zurekin kalakan ari denak zein hizkuntza erabiltzen duen, txipa baitago tartean.

Teknologia berriak izan ditu ondorioak hezkuntzan ere. Oinarrizko Hezkuntzaren dekretu eta curriculumak aldatu egin behar izan dira. EAEko Oinarrizko Hezkuntzaren irteera profil zaharrak zera zioen: «Ikasleak euskaraz eta gaztelaniaz ahoz, idatziz eta era multimodalean edo siglen bidez hitz egiten du». Teknologiaren aurrerapenei esker, hizkuntza bakarra erdipurdi ikastea nahikoa da, hartzaileak guztiz egituratuta eta hiztegi bikainarekin jasoko baitu zuk esandakoa. Horrela geratu da irteera profil berria: «Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasleak hizkuntzaren bat edozein modutan hitz egiten du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.