Sara Azurza
Ekografiak

'His & Hers'

2026ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

His & Hers-ek, Netflixera iritsi den thriller dramatiko berriak, badirudi streaming plataformek azken urteotan ondo barneratutako formula bati jarraitzen diola. Bi protagonista ezagun, publikoarentzat erakargarriak; thriller-gakoz idatzitako liburu arrakastatsu bat abiapuntu gisa; eta misterio dosi neurtua, gutxienez asteburu batez ikuslea pantailari itsatsita mantentzekoa.

Horiek dira, hain zuzen ere, plataformen katalogoetan perretxikoak bezala ugaritzen diren misteriozko telesail askoren osagai nagusiak. His & Hers ez da salbuespena. Jon Bernthal eta Tessa Thompson aktoreak erakargarri nagusi gisa aurkeztuta, Netflixek 2026rako egin duen apustu handienetako batean. Ez da harritzekoa, beraz, estreinatu eta gutxira mundu mailako TOP 10 zerrendan telesail ikusienen artean kokatu izana.

Istorioa ikertu beharreko hilketa batekin hasten da. Atlanta kanpoaldeko herri txiki batean gertatzen da, itxuraz lasaia baina sekretuz eta tentsio isilez betea. Biktima Rachel da, emakume bat, haren gorpua berrogei sastakadarekin aurkitzen dutena auto baten kapotaren gainean, Poliziak dei anonimo bat jaso ondoren. Irudi bortitz eta esanguratsu horrek markatzen du kontakizunaren tonua, eta hasieratik bertatik ezartzen du susmo eta ezinegon giroa.

Telesailaren ustezko berezitasuna, ordea, ez dago krimenaren gordintasunean bakarrik, baizik eta ikerketaren planteamenduan. Bi protagonistak izango dira kasuaren ikertzaile nagusiak, baina, aldi berean, bata bestearentzat susmagarri ere bai. Ikerlari eta ikertuaren arteko muga lausotu egiten da etengabe, eta horrek tentsio dramatikoa areagotzen du, bai profesionalaren eremuan, bai harreman pertsonalean.

Hala ere, komeni da testuinguruan jartzea: His & Hers ez da azkenaldian ikusi dudan thrillerrik onena, ezta generoaren mugak berrasmatzera datorren proposamena ere. Baina telesailak badaki bere indarguneak ondo baliatzen. Pertsonaien arteko tentsioak, gertakari interesgarri batzuek eta narrazioak planteatzen dituzten dilema moralek ikuslea aurrera jarraitzera bultzatzen dute. Azkenean, agian ez da ahaztezina, baina bai nahikoa entretenigarria: ikusteko moduko thriller bat, bere mugen jakitun dena eta horren barruan ondo funtzionatzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA