Iraitz Urkulo
Zirika

Hitzari gorazarre

2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'CAFé MOKKA' ELEBERRIA

  • Idazlea: Jabier Muguruza. Argitaletxea. Alberdania.
  • Urtea. 2026.

Ramon Saizarbitoriak hitzaurrean dioen bezala, Jabier Muguruza (Irun, 1960) idazle efizientea da. Izan ere, bere nobela berria, Café Mokka (Alberdania, 2026), (ia) espazio bakarrean garatzen da: Irunen kokatutako izen bereko kafetegian. Betidanik auzotarren topaleku izan arren gure herrietan gero eta urriagoak diren taberna klasiko horietako batean, alegia. Kafetegia gizartearen behatoki bihurtzen da, eta Alberto protagonista, narratzailea ere badena, ikusle eta, batez ere, entzule pribilegiatu. 

Kamareroa da Alberto, eta ez edonolakoa; ardura, dotorezia, psikologia, zuhurtasuna, sentsibilitatea eta beste hamaika dohain baititu. Bezeroen elkarrizketek konektatzen dute mundura. Gizon lasaia eta jantzia da, eta egungo gizartearen joera, kontraesan eta tentsioei buruzko gogoetalari fina. Topikosferatik erabat aldenduta, pentsamendu (auto)inposatuak bazter utzita, munduaren gaineko ñabarduraz beteriko begirada ironikoa da berea. Bere iritziak, bizitza bera bezala, kolore askotakoak dira. Café Mokka-n, Lorena Martinezen ilustrazio soil-iradokitzaileak baino ez dira zuri-beltzak.

Eleberri filosofikoa dela esan genezake, hain du presentzia handia hausnarketa kritikoak kontakizunean. Nobela laburra ere izango da zenbaiten ustez; nik neurrikoa dela esango nuke, ordea. Horretan ere, efizientea Muguruza. Café Mokka obra zintzoa da edukian, eta dotorea estiloan. Baita irakurlearekiko adeitsua ere, oso modu orekatuan eskaintzen baitizkio elkarrizketa umoretsuak, deskribapen zehatz-ederrak, gogoeta filosofikoak eta giza harremanen azalekotasunari buruzko kritika zorrotza. 

Kafetegiko bezero-jarioa, haiekin trukatutako hitzek eta haiei aditutakoak abiapuntu mamitsua dira Albertorentzat gai mordoari buruz bere iritzia emateko eta, hala, gaurko gizarte anitzaren erretratua (eta kritika) egiteko. Dena bizitzeko antsietatea, bakardadea, gizakien arteko gero eta inkomunikazio handiagoa, diskriminazio positiboa, gizartearen infantilizazioa, sexuen arteko borroka, trans afera, queer mugimendua, woke diskurtsoa, genero-indarkeria, familiaren gainbehera, haurrak hezteko mugarik eza... Zuzentasun politiko gutxi, «esan ezin diren» ugari. Ez nuke esango idazleak ausart jokatu duenik; bai, ordea, naturaltasunez, zeharo aske. 

Liburuaren atzeko azalean ezin hobeto adierazten den moduan, Café Mokkak freskotasun narratiboa eta sakontasun intelektuala uztartzen ditu. Eta, tarteka, irakurleak kultura-erreferentzia asko topatuko ditu haren orrietan; literarioak eta, batez ere, musikalak. Jazz doinuek busti dute istorioa. Horra hor obra honen soinu-banda klasiko bezain sofistikatua, eta irakurle melomanoenen gozamenerako elementu bat gehiago. Jabier Muguruzaren lehen eleberria izanagatik, zalantzarik ez dago ofizio handiko idazle baten lana dugula Café Mokka

Muguruzak berak liburuaren aurkezpenean adierazi zuen bezala, «hitzaren erreibindikazioa dago liburu osoan zehar; elkarrizketa sakonarena, baita hitz eta pitz aritzekoarena ere». Bere protagonistak erakusten digunez, entzute aktiboa praktikan jarriz gero, besteengandik asko ikas daiteke. Horregatik, hain zuzen, Café Mokka irakurtzea gomendatzen dizuet oraindik pertsonen arteko komunikazioan sinesten duzuenoi, eta etxe azpiko tabernan auzokideekin iritzi-truke biziak eta solas gutxi-asko transzendentalak izatea bihotz-betegarri zaizuen guztioi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA