benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Hizketaldia gazteekin

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela ia 30 urte ezagutu nuen Straight Edgemugimendua. Ertz zuzena esan nahi du euskaraz. Mugimendu hartako kideek hardcore-punk estetika zeramaten soinean, baina bazuten berezitasun bat. Gazte haiek alkohola eta bestelako drogen kontsumoaren aurka zeuden. Arraroa egiten zitzaidan hura nire begietatik. Gazte gehienok, era batera edo bestera, sustantziaren bat erabiltzen genuen asteburuetan gure aisialdirako.

Urteak aurrera joan ahala, zientziak asko hitz egin du mundu mailan gehien kontsumitzen den aisialdirako drogaren inguruan. Alkoholaz ari gara. Ebidentzia zientifikoaren arabera, alkohola edateak korrelazio argia du heriotza goiztiarrarekin, minbiziarekin eta arazo kardiobaskularrekin. Mundu mailan urtero 2,6 milioi heriotza eragiten dituen sustantzia da alkohola.

Errepidean izaten diren heriotzen %25en atzean alkoholaren erabilera dago. Alkoholikoen seme-alabek antsietate eta depresio sintoma gehiago izaten dituzte guraso alkoholikorik ez dutenek baino. Zero alkohol kontsumitzea da osasun galeraren arrisku orokorra minimizatzen duena, ikerketen arabera.

Eta datuak hain gordinak izan arren, gure herrian normalizatuak ditugu alkoholaren inguruan eraiki ditugun jarduerak. Udalak antolatutako ardoaren eguna: erosi beirazko kopa bost euroren truke eta edan ezazu nahi beste. Alkoholaren kontsumoari esker ere, diru bilketa galantak lortu ditugu hainbat helbururen alde Euskal Herrian.

Europar Batasuneko datuak: alkohola egunero kontsumitzen dute 65 urtetik gorakoen %16ak. 25-34 urte artekoen artean, aldiz, portzentajea %2,6koa da. Horrez gain, 1996tik jaso diren datuek adierazten dute urtez urte beherantz doala alkohola eta bestelako drogen kontsumoa 14-18 urte arteko gazteen artean.

Aisialdirako drogak kontsumitu dira historian zehar, eta kontsumitzen jarraituko dira. Badute haien zeregina. Hala ere, batzuek dena hain beltz marrazten duten garaiotan, gazteen artean ari da sortzen osasunaren aldeko halako joera interesgarri bat. Eta agian, autokritika egin ondoren, helduoi komeni zaigu gazteekin hizketaldiren bat izatea. Ziur zerbait ikas dezakegula haiengandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.