KrITIKA
- Telesaila. 'Ravalear'.
- Sortzailea. Pol Rodriguez.
- Zuzendariak. Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguez.
- Aktoreak. Enric Auquer, Maria Rodriguez Soto, Sergi Lopez, Francesc Orella, Alba Guilera.
- Atalak. Sei.
- Non ikusi. HBO Max plataforman, ostiraletik aurrera.
«Nire aitaren etxea/ defendituko dut./ Otsoen kontra,/ lukurreriaren kontra,/ justiziaren kontra,/ defenditu eginen dut/ nire aitaren etxea...». 1963an argitaratua da olerkia. Baina Gabriel Arestik Bartzelonako Raval auzora eramango luke gaur, Pol Rodriguezen istorioa bertatik bertara ikusiz gero. Haren familiak jatetxe bat izan zuen 90 urtez auzo horretan, eta 2021ean etxegabetu egin zituzten. Donostiako Crossover jaialdian, Rodriguezek nabarmendu zuen telesailak balio izan diola «gertatu zen guztiaz mendekatzeko, nolabait». Telesaila ez da mintzo jatetxe bat salbatzeko ahaleginaz soilik: auzoaz ari da, gentrifikazioaz, funts putreen jokabideaz eta jukutriaz... eta gauza gehiagori buruz ere bai.
Berlingo zinema jaialdiak mundu osoko sei telesail aukeratzen ditu urtero. Aurtengo sei horien artean dago Ravalear. Katalanezko telesail batek hori lortzen duen lehen aldia da. Ravalear adjektibo batekin definitu beharko balitz: sekulakoa. Aurten derrigor ikusi beharreko telesailen artean da, esajeraziorik gabe.
Funts putre batek badu plan bat Raval auzorako. Plan horren barruan dago Can Mosques izeneko jatetxe katalana bereganatzea eta eraikina hustea. Bizirik irauteko borrokan ariko dira telesail osoan jatetxe horretako familiakoak. Istorio hori kontatzeko moduan bete-betean asmatzen du Rodriguezek, Isaki Lacuesta zinemagile iaioarekin batera. Hain zuzen ere, ikus-entzulea kolkotik harrapatu eta auzoan sartzen dute Rodriguezek eta Lacuestak, protagonisten sentimenduetan, gertatzen ari den guztian, zuzen-zuzenean. Hasierako kredituetatik hor sartuko da ikuslea.

Gizarte gaiak thriller generora eramateko ahaleginak bikain funtzionatzen du Ravalear-en. Eta ez du horretarako artifizio edo efektu berezi handirik behar. Auzoak berak hitz egiten du istorioan momentu batzuetan, bertan bizi diren etorkinen bitartez. Eta gidoiak, zeina maisuki idatzia baita, istorioaren pausoak harilkatzen ditu, elkarrizketa bizi batzuen —gehienak, katalanez— eta narrazio indartsu baten bitartez.
Erritmo bizi-bizikoa
Baditu bertute gehiago Pol Rodriguezen telesailak. Aktoreen lanak merezi ditu hitz batzuk. Kasurako, Enric Auquer aktoreak egiten duen lana txapela kentzeko modukoa da. Lehendik ere zinemazaleen eta telesailzaleen artean ezaguna zen Auquer, baina Ravalear-en ahalkegabe bezain trebe ari da. Desesperazioaren erdian, pertsonaiaren bihotza han bertan utzita. Sergi Lopezi buruz zer esan, lehendik esan ez dena —gaiztoarena egiten du oraingoan—. Bikaina da, halaber, Maria Rodriguez Sotok eta Alba Guilerak egiten duten lana. Eta jatetxeko aitonaren rolean, Francesc Orella ageri da, Merli telesaileko irakasle sailkaezina —euskarara bikoiztu zuten; Primeran-en ikus daiteke—. Ravaleko auzokideak ere ageri dira fikzioan, benetako sentsazioa areagotuz.

Ravalear-ek erritmo bizi-bizia du, ia arnasarik gabe uzten duena. Pertsonaiak arnasestuka sentitzen ditu ikusleak —batez ere Auquerren pertsonaia—, eta korapiloaren parte sentitzen da une oro. Erritmo horretan, eta pertsonaiak hain trebe osatuta daudela, ez dago ikus-entzulea istoriotik aterako den momentu bakar bat ere. Musikak ere laguntzen du erritmo horretan aurrera egiten.
Etxebizitzaren auzia presente dago istorio osoan, eta ez dago esan beharrik, baina Euskal Herrian ezin hobeki uler daiteke telesailean gertatzen den guztia. Azpitramen artean, bestalde, Bartzelonako portuko zamaketarien lan gatazka dago; bigarren mailan dagoen arren, hiriaren beste ikuspegi bat ematen du Ravaletik kanpo.
Ostiralean iritsiko da telesaila HBO Max ordainpeko plataformara. Geroago helduko da TV3 kate publikora. Belgikako Umedia ekoiztetxeak ere parte hartu du produkzioan. Koprodukzio eredu hori ari da, neurri txikiagoan, Euskal Herrian garatzen. Baina akaso oraino ez da Ravalear-en goi mailako euskarazko telesailik estreinatu. Iritsiko dira, inguruan talentua ez da-eta falta.

Ravalear-en istorioa ondo ixten bada ere, Rodriguezek egingo luke modua denboraldi gehiago idazteko. Amets bat. Izan ere, pertsonaia batzuekin hainbeste enpatizatzen denean, hutsunea gelditzen da amaierako kredituen ostean.