Back to the Future pelikulako Delorean autoan sartu eta bidaiatu dezagun denboran zehar. Duela 20.000 urteko kobazulo baten zaude. Tribuko nagusiek animalia basatien istorioak kontatzen dizkizute gauero. Kontakizun horiek hormetan irudikatzen dituzte, ehiza-eszena gisa. Pentsa, animalien hankak bikoiztuz, mugimendua adieraztea lortzen dute irudiotan.
Orain, Egipton zaude, K.a. 1350. urtearen inguruan. Nebamun izeneko goi-funtzionarioaren hilobia margoz beteta dagoela dakusazu. Irudietariko batean, Nebamun ageri da, txalupa baten zutik, hegaztiak ehizatzeko makila bat jaurtitzera doala. Berarekin batera, Hatxepsut emaztea eta haien alaba ageri dira. Garaiko goi-mailako klaseen denbora-pasa eta janaria lortzeko modua irudikatzen dute margolanek.
XI. mendea. Normandiako Bayeux herrian zaude orain. Matilde erreginak tapiz bat ekoizteko eskatu du. Tapizak Erdi Aroko normandiar eta ingeles gizartea deskribatzen ditu. 70 metroko oihal brodatuak Hastingseko gudua eta Ingalaterrako normandiarren konkista kontatzen du. Batzuentzat, historiako lehen komikia da berau.
1600. urtera joan zara. Caravaggio ikusi duzu lanean. San Mateoren deia izeneko margolana amaitu berri du. Maisuki erabili du argia, ez soilik bolumena emateko, baizik eta drama sortu eta ikuslearen begirada gidatzeko.
Paris, 1838. urtea. Euskal jatorriko Daguerre ezagutu duzu Parisen, lehendabiziko aldiz gizakia argazki batean ateratzea lortu duen pertsona izan da.
Hiri bera, 1895. urtea. Lumiere anaiek aurkeztu dute munduan egin den lehen filma: La Sortie de l'usine Lumière à Lyon. Berau grabatzeko zinematografoa izeneko gailua asmatu berri dute.
Hurrengo urteetan, Deloreanetik ikusi dituzu honakoak: zineman soinua eta kolorea gehitu dira, agertu dira telebista, iraultza digitala, Internet, sare sozialak, Youtube eta ikus-entzunezko plataformak.
Deloreanek 2025. urtera bueltatu zaitu. Adimen artifiziala gai da bideoak sortzeko. Testu soil batetik, imajina ditzakezun mundu eta eszenak lortu dituzu.
2035. urtea da. Bi lagunek, AAren laguntzarekin, pelikula bikaina sortu dute. Filmak Urrezko Maskorra irabazi du Zinemaldian.
2044. urtean zaude. Burmuinean txipa jartzeko eskaera egin duzu. Horri esker, pentsatze hutsarekin, edozein fantasia bizi ahal izango duzu. Eta zuk, zer bizi nahi duzu gaur?