Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Isiltasuna hautsiz

2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko astean, Lander Arretxeak isiltasunaren inguruan idatzi zuen, El silencio telesailaz hitz egiteko. Telesail hori estreinatu zenetik Netflixen ikusienen top 10ean dago. Bi kapitulu ikusi ditut, eta horrekin nahikoa izan dut telesaila alde batera uzteko. Isiltasuna jorratzeko thriller psikologiko motel bat iruditu zait. √Člite telesailean ikusi ditugun bi aktoreri lana emateko aitzakia iruditu zait.

Isiltasuna apurtzeko zailtasunak dituzte telesail horretan, baina ez dira bakarrak. Kote Cabezudo argazkilariaren biktimek sufritutako abusuen inguruan sortu zen isiltasuna apurtzeko zailtasun handia izan zuten. Biktima horien ahotsak En el nombre de ellas lanean jaso dituzte. El silencio telesaila ikusgai dagoen plataforma berean ikus dezakegu, baina dokumentalak ez du horrelako arrakastarik eduki.

Lander Arretxeak dokumentala ikusteko gonbidapena egin zuen duela aste batzuk, eta Disney Plusekin izan zituen arazoen ostean, ikusteko gogo asko nituen. Dokumentaleko hiru kapituluetan Cabezudoren biktimen testigantzak jaso dituzte, baina biktimak ez daude bakarrik dokumentalean. Beren testigantzekin batera, psikologian eta zuzenbidean adituak diren pertsonak ageri dira, eta biktimen abokatuaren lekukotzak indar handia du dokumentalean. Horrez gain, Donostiako Udaleko alkate eta zinegotzi batzuen testigantzak jasotzen dira, baina ez diote balio askorik ematen dokumentalari.

Eduardo Mendoza zuzendariaren ideia batzuk ez zaizkit gustatu, batez ere Cabezudoren argazki sesioak birsortzen dituzten eszenak. Ia uneoro agertzen dira irudi horiek, eta ez dakit zer sentitu duten Cabezudoren biktimek, baina eszena horiek interes gutxi dute, eta agian biktima batzuentzat ezabatzen saiatu diren oroitzapenak pizteko arriskua dagoela uste dut.

Cabezudoren sexu abusuak gauzatu direla argi geratzen da lan horretan, baina ikuspuntu feminista falta zaio. Mugimendu feministaren aurka egiten da lanaren une batean. Ez dakit zer nolako babesa eman zaien mugimendu feministatik Cabezudoren biktimei, baina arriskutsua iruditu zait mezu hori entzutea. Telesailaren izenak dioen bezala, emakumeen izenean hitz egiten dute denek, baina emakumeen bizipen eta beharrak askotan ahazten direla dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.