Sara Azurza
'Ekografiak'

Jay Kelly

2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

George Clooneyk bere bidea —edo beste hainbat izarrena— antzezten du Netflixen eskuragarri dagoen tragikomedia berri honetan. Film nostalgikoa da, denboraren joanaz, norberaren izateaz eta bizitzak benetan duen garrantziaz gogoeta egiteko gonbita egiten duena, umorea eta malenkonia modu sotilean uztartuz.

Clooneyk bizia ematen dio helduaro betean dagoen zinema-izar bati, bere ibilbidearen amaierara iristear dagoenean bizi izan duen guztiaren zentzua bilatzen saiatzen denari. Urte luzez beste pertsona batzuk antzezten aritu ondoren, norbera nor den galdetzera iristen den aktore horietakoa da Jay Kelly. Noah Baumbachek zuzendutako film honetan, Kellyk galdutako familia-bizitza berreskuratu nahi du, lanak eta arrakastak bere bizitza pertsonalean utzitako hutsuneez jabetuta.

Italian, bere ibilbide profesionalari eskainitako omenaldi baten aitzakian, familia berriz biltzeko ahalegina egiten du. Barne bidaia honek iraganera begiratzeko ariketa ekarriko dio. Zergatik sartu zen zineman, noren kaltetan egin zuen bide hori, zein izan ziren bere erreferenteak eta irakasleak… eta, batez ere, bere alabak. Haiekin galdu duen denboraz, eta aita gisa behar bezain presente egon ez izanaz hausnartzen du.

Bere ondoan, une oro, Ron du —Adam Sandlerrek antzeztua—, bere managerra eta laguna. Bi pertsonaien arteko harremanak adiskidetasunaren eta lanaren arteko muga finak erakusten ditu, botere harremanak, menpekotasunak eta, aldi berean, leialtasuna agerian utziz. 

Interesgarria da, halaber, filmak erabiltzen duen formatua. Kellyk iraganeko hausnarketak egiten dituenean, beste film batzuetako eszenatan sartzen da, eta kanpotik begiratzen dio une hartako errealitateari, oroitzapen horiek berreskuratuz eta haien inguruan gogoeta eginez. Baliabide horri esker, ikusleak informazio maila teatralagoa eta beteagoa jasotzen du, pertsonaiaren barne-mundua sakonago ulertzeko aukera emanez.

Estatus ekonomiko jakin bateko pertsonen arazoak dira, bai; baina filmak gerturatu egiten gaitu. Azken batean, ospetsuen distiraren atzean ere galderak, hutsuneak eta beldurrak badaudelako. Nor da, azken finean, bizitza osoa beste bat izaten eman duen aktorea, mundu guztiarentzat? 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.