Sara Azurza
Ekografiak

Jone

2026ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan. Azkenaldian maiz entzuten den hitza da. Batzuetan ondo gaude. Batzuetan ez. Batzuetan helduak gara, eta beste batzuetan ume huts bihurtzen gara berriro. Batzuetan ausart sentitzen gara; besteetan, ordea, denak gainditzen gaituela ematen du. Eta agian horregatik aukeratu du izen hori Sara Fantovak bere opera primarako: Jone, batzuetan, dagoeneko Primeran plataforman ikusgai dagoena.

Jone 20 urteko neska bat da, baina etiketa hori txikiegi geratzen zaio. Ez dago ohiko protagonistaren molde idealizatuetan eraikia, eta horregatik egiten da hain gertukoa. Lagunekin barre egiten du, kalean dantzatzen da, lehen maitasun baten aurrean urduri jartzen da eta, aldi berean, etxera korrika itzuli behar izaten du. Bere aitari parkinsona diagnostikatu diote, eta gaitzak etxeko dinamika guztia aldatu du. Une batean maiteminduta egon zaitezke Bilboko gau batean; hurrengoan, berriz, etxean zaude, aitaren botikak prestatzen.

Filmak bizitza den bezalakoxea erakusten du, eta ez zaizu zaila egingo Jonerekin enpatizatzea. Edozein izan gintezkeelako Jone, bere laguna edo gau batean gustuko duzun pertsonari zer esan ez dakien hori.

Zintzotasun handiz egindako filma dela nabari da, eta naturaltasun hori elkarrizketetan ere antzematen da. Kaleko hizkuntza entzuten da etengabe, gure egunerokoan bezala, eta horrek ere egiantzekotasun handia ematen dio kontakizunari.

Horrez gain, Bilbo bera ere pertsonaia bihurtzen da. Ez postal turistikoetako hiria, baizik eta abuztuko beroz, zarataz eta txosnaz betetako Bilbo bizia. Aste Nagusiaren erdian kokatzen da filma, baina kanpoan festa eta ospakizuna diren bitartean, barruan dolua, beldurra eta ardura pilatzen dira. Orokorrean, kontraste horretan mugitzen da filma etengabe, eta hor aurkitzen du bere edertasun handienetako bat.

Proposamen freskoa eta ederra da. Ez du ikuslea manipulatzen, eta horregatik pasatzen da hain azkar ordubete eta hogei minutuko iraupena.

Azken batean, Jone, batzuetan-ek gogorarazten digu bizitza ez dela egoera finko bat. Batzuetan ondo gaudela, eta beste batzuetan ez. Batzuetan indartsu sentitzen garela; besteetan, galduta. Eta batzuetan, gu ere Jone izango garela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA