Iraitz Urkulo
'Zirika'

Kateriñe Letamendiren bake-irrintzia

2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kateriñe Letamendi tolosarrak 24 urte zituen 36ko gerra piztu zenean. Beste askok bezala, tropa frankisten bonbetatik ihes egin behar izan zuen. Kaosaren erdian, eguneroko bat idatzi zuen. Betidanik gustatu izan zitzaion idaztea eta, bere ihesaldian, bitakora hura izan zuen babesleku. Tamalez, erbestetik etxerako itzuleran, muga zeharkatu eta Espainiako Guardia Zibilaren eta Poliziaren galdeketei aurre egin baino lehen, suntsitu behar izan zuen, orrialde guztiak txiki-txiki eginez. Sekula ez zion senide eta ingurukoei orduan pasatakoak kontatzeari utzi, ordea. Eta 80 urte baino gehiago zituela, bere oroimen biziari tiraka, egunerokoa berridatzi zuen; 1936ko uztailaren 19an hasi eta 1939ko otsailaren 7ra artekoa, hain zuzen.

Baina Erein argitaletxeak formatu handiko eta azal gogorretako edizio zaindu eta dotore batean iaz kaleratutako Kateriñe emakume gazte hark 36ko gerran bizitakoak eta sufritutakoak lehen pertsonan kontatzen dituen eleberri grafikoa baino askoz gehiago da. Komiki hori karanbola harrigarri baten emaitza da. Maitena Illarramendik, Kateriñeren bilobak, Iraleko ikastaro baten amaierako lanean baliatu nahi izan zituen amama Katiren bizipenak. Ideia hori gogoan, bere amonarekin arratsalde ugari 36ko gerrako kontuak entzunez pasatako Iñigo Sarasola ilustratzailearekin jarri zen harremanetan aspaldiko partez, betidanik «familiaren oso hurbilekoa» izandakoa. Eta hura ezustekoa hartu zuena Sarasolak Kateriñeren historia islatzen zuten ehunka marrazki erakutsi zizkionean! Urte luzeetako lana, ordura arte isil-isilean egindakoa.

Iñigo Sarasola eta Maitena Illarramendi, 'Kateriñe' komikiaren egileak. EREIN
Iñigo Sarasola eta Maitena Illarramendi, 'Kateriñe' komikiaren egileak. EREIN

Askok pentsatuko dute bizitzak oso aldian behin dakartzan kasualitate polit horietako bat izan zela. Patua oso bihurria izan daitekeelako zenbaitetan. Maitena Illarramendi, aldiz, konbentzituta dago amama Katiren eskua egon zela tartean. Nolanahi ere, zalantzarik ez dago komiki hau maitasunaren ondorio dela, Kateriñe Letamendik ingurukoengan utzitako arrasto sakona baitu oinarri. Eta gauza ederra da hori.

Gerra ez da komunikabideetan kontatzen zaigun modukoa. Kateriñe-n ez dago lekurik estrategia geopolitikoetarako, apenas ematen da frontearen berri, eta politika-kontuek ez dute pisu nabarmenik. Agian egiazko gerran, lehen pertsonan pairatzen den horretan, egunez eguneko biziraupenak existentzia osoa hartzen duelako. Alde horretatik, Maitena Illarramendik egokitutako testuak Kateriñeren esparru intimoari dagozkio, beti jendez inguratuta agertu arren. Eta kontu xeheetara jotzen dute behin eta berriro, herri eta gordeleku batetik bestera, protagonistaren pentsamenduak, beldurrak edo kezkak islatuz alferrikako hitzik gabeko estilo soil, zuzen eta guztiz natural batean.

Intimotasun horretatik abiatuta murgiltzen gaitu orduko giro itogarrian, gerraren hastapenetako elkartasuna adieraziz, familia, lagun, auzoko zein ezezagunen artekoa. Baita gatazkak aurrera egin ahala hedatzen joan ziren mesfidantza eta bidegabekerien berri emanez ere. Astiro-astiro irakurleon angustia handituz. Benetako sufrimenduak ez baitu dramatismoaren beharrik. Kateriñeren testigantzari esker, orain badakigu erbestean ere ez zela bakerik, eta bonbetatik ihes egitea lortu zuten askok bestelako arriskuekin topo egin zutela mugaren bestaldean.

Mirestekoa iruditu zait Iñigo Sarasolaren lana, eta ez bakarrik egin duen dokumentazio-lan itzelagatik herri bakoitzeko paisaiak, kaleak eta eraikinak irudikatzeko. Estilo errealistako marrazkigintza da berea, bineta ugaritasunean atsegin hartzen duena eta detaileak erdigunera dakartzana. Maisutasuna behar da, gero, elementu bakoitzari dagokion testura emateko eta arropen mugimendua irudikatzeko. Bada, ordea, beste guztien gainetik nabarmentzen den alderdi bat: giza espresioak, ñabardura askotakoak. Neurri handi batean, Kateriñeren eta gainerako pertsonaien aurpegierek bideratzen baitute historia. Eta azpimarragarriak dira Sarasolaren kolorista-dohainak, ezinbestekoak irakurleok orduko errealitate gorri-grisaxkan murgiltzeko.

Kateriñek arrazoi zuen: gerraz hitz egin beharra dago. Bonben burrunbak betiko aldatu zuen belaunaldi baten ondokoak gara. Ondokoen ondokoak. Eta, hala ere, guretzat gerra oihartzun urruna baino ez izan arren, haren aurreko ikara ez zaigu erabat arrotza. Tarteka, ahaztu egiten dugu maitasuna dela gizakion armarik boteretsuena. Zabal dadila, beraz, Kateriñe Letamendiren bake-irrintzia Euskal Herri osora eta gure lurraldeetatik harago.

'KATERIÑE'

  • Testua. Maitena Illarramendi. 
  • Marrazkiak. Iñigo Sarasola.
  • Argitaletxea. Erein.
  • Urtea. 2025.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA