Nerabe nintzenetik Quentin Tarantinoren zinemaren zale sutsua izan naiz, baina aitortu behar dut azken urteotan pantailetatik harago erakutsi dituen jarrerek —besteak beste, Israelgo armadari emandako babesa— haren lanarekiko dudan gertutasuna zertxobait lausotu dutela. Dena den, zentzugabea litzateke haren filmografia maisulanez beteta dagoela ukatzea. Kill Bill sailaren bertsio berri hau gozamena da zuzendariaren zaleentzat, karamelu bat. Zinema aretoetan gozatzeko aukera izan ez zenutenontzat, Filmin plataformara heldu berri da.
Kill Bill: The Whole Bloody Affair bertsio osoa eta behin betikoa da. Lau orduko bertsio horrek filma hasieran sortu zen bezala aurkezten du, sekuentzia animatu berri bat barne, eta zazpi minutu baino gehiagoko material argitaragabea ere gehitzen du. Mendekuan oinarritutako filma zinemaren historiako lan ikonikoenetako bat da. Drama ez ezik, beste genero batzuetako ezaugarriak ere bereganatu eta uztartzen ditu, hala nola Hong Kongeko akziozko filmak, japoniar chanbara filmak eta italiar spaghetti westernak.
Uma Thurman protagonista duen filmak The Bride izeneko pertsonaiaren istorioari jarraitzen dio. Ezkontza egunean hiltzat jo ondoren, komatik esnatu eta Sugegorrien Hilketa Eskuadroiko kideen aurkako mendeku gupidagabeari ekiten dio. Bidean, bere kide ohiei aurre egin beharko die, Bill bere patuaren erantzulearengana iritsi arte.
Bi bolumenen arteko haustura desagertzean, filmak koherentzia irabazten du nabarmen, eta narratibak beste jario bat hartzen du. Tarantino hasieran egitura ez-linealarekin jolastu bazen ere, hemen pertsonaiaren bidea tragedia epiko baten modura zabaltzen da, etenik gabe. Mendekua, lehen bi ataletan zatika kontatua, odisea bihurtzen da hemen: urratsez urrats pisu handiagoa hartzen duen bidaia moduko bat.
Gainera, akzio sekuentzien eta pasarte gogoetatsuen arteko oreka hobeto iristen da, eta horrek esperientzia aberatsagoa eta sakonagoa eskaintzen du.
Zalea bazara, ikusi bertsio berri hau, zalantza izpirik gabe, ez baita soilik pelikula bat, esperientzia bat da. Oso luzea da (275 minutu), baina baita fidelagoa, koherenteagoa eta emozionalki sakonagoa ere.