benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Kontrol zerrenda

2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar urte dira Chris Ryan psikologoaren Tangentially Speaking podcasta entzuten dudala. Agian ezagutuko duzu Ryan doktorea; izan ere, berak idatzi du monogamiari buruz mundu mailan ezagunenetakoa den liburuetako bat, Sex at Dawn. Gaur, ordea, ez dugu bikote harremanez hitz egingo, adimen artifizialaz baizik. Podcastaren azken atalean Guustaaf Damave nederlandarra entzun dezakegu. Urteak eman ditu softwarea garatzen, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu adimen artifizialak bere eguneroko lanean eragin dituen aldaketak. Esperientzia horretatik abiatu, eta liburu bat idatzi du: The Minimum You Need to Do Before AI Changes Your Life (AAk zure bizitza aldatu aurretik egin behar duzun gutxienekoa). Hau da, teknologia esparru horrek norbanakoen bizitzetan ekar ditzakeen aldaketa bortitzei hobeto aurre egiteko kontrol zerrenda moduko bat eskaini du.

Guustaafek defendatzen du AA ez dela etorkizun urruneko balizko iraultza bat izango, datozen urteotan aldaketa handiak eragingo dituen eremu teknologikoa baizik. Datorrenarekin izutu beharrean, ohitura sinple batzuen bidez geure burua prestatu behar dugula dio. Zutabe honetan aipatu dugu jada AA erabiliz egiten ari diren iruzurren auzia. Adibidez, gomendio praktiko gisa, familiako kideen artean ezkutuko gako hitz partekatu bat izatea proposatzen du, etorkizunean dirua edo laguntza eskatzeko deitzen badute beraiek direla egiaztatzeko.

Baina, nederlandarra batez ere honek kezkatzen du: AA gizakia baino adimentsuago bihurtzea ekonomikoki garrantzitsuak diren gaitasun intelektualetan. Horrek, haren ustez, kontrola pertsonengandik urruntzea ekar dezake. Azken milaka urteei begiratuta, espezie bat bestea baino adimentsuagoa denean, normalean hark hartzen baitu egoeraren kontrola. Bestalde, etorkizunean lanbide gehienak makinen esku egongo direla uste du, eta horrekin batera, oinarrizko errenta unibertsala iritsiko dela. Aipatzen du gaur egun pertsona askori nor diren galdetzean haien lanbidea aipatzen dutela; gaurdanik bestelako zaletasunak indartzera gonbidatzen gaitu, beraz. Babes sare sendoagoak dituztenek moldatzeko erraztasun handiagoa izango dutela ere iradokitzen du. Algoritmoen nagusitasunaren aurrean, norbanakoen arteko harremanak zaintzea izango al da gakoa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA