Astebete igaro da AEBetako eta Israelgo estatuek Irani eraso egin ziotenetik. Gerrak izan dira historian zehar teknologia berriak probatzeko laborategiak, eta hemen ere ez dute aukerarik galdu horretarako: ehiza-hegazkin, misil eta drone kamikazeez gain, berebiziko garrantzia izan dute azken belaunaldiko adimen artifizial ereduek.
Pasa den larunbatean aipatu genuen AEBetako Gobernua negoziazioan aritu dela hango enpresa teknologiko nagusienekin haien AA ereduak gerrarako erabiltzeko. Bada, sekulakoa izan da egunotan gertatutakoa. Labur-labur azalduta, AEBetako Gobernuak sarbide osoa nahi du AA eredu horiek gerran nahieran erabiltzeko. Eta zein izan da enpresa horien erantzuna? Anthropic konpainiako buru den Dario Amodeik uko egin dio Claude eredua mugarik gabe erabiltzen uzteari. Hori entzun ostean, Trumpen administrazioak hornikuntza-katearen arrisku izendatu du konpainia. Sam Altmanen OpenAI eta Elon Musken xAI enpresek all-lawful use (erabilera zilegi guztiak) klausula onartu dute. Mekanismo horri esker, segurtasun-agentziek zaintza-tresna gisa erabil ditzakete AA ereduak atzerriko herrialdeetan, AEB barruko muga legal eta etikoak aplikatu gabe. Horrela, hitzarmenak baimena ematen du, adibidez, GPT ereduak eragiketa militarrak planifikatzeko eta ziber-gerra babesteko.
Horiek irakurrita, badirudi enpresa antagonistak ditugula gerraren aurrean: gerraren aurkakoa bata eta gerraren aldekoak besteak. Baina ez da horrela. Anthropic enpresako buruaren hitzak dakartzagu hona: «AEB eta beste demokraziak defendatzeko adimen artifiziala erabiltzearen garrantziaz sinetsita nago». Eta horretarako bi baldintza jarri ditu Dario Amodeik: 1) Claude ezin da erabili estatubatuarrak zelatatzeko. 2) Makinak ezin du tiro egiteko azken erabakia hartu; gizaki batek egon behar du prozesuan. Baina zein izan da paradoxa? Trumpen administrazioak Anthropic segurtasun-arrisku izendatu eta debekatu arren, ordu gutxira, AEBetako armadak Claude erabili zuen Iranen aurkako bonbardaketak koordinatzeko, lehendik zituzten akordioak erabiliz. Bitartean, Claude eta ChatGPT dira aplikaziorik deskargatuenak Play Store eta App Storean, biak AEBetakoak. Publikoki zabaldu dena etikaren inguruko eztabaida izan den arren, atzean dagoen korapiloa gerrarako AA eredu horien kontrola da.