Big mood ingelesezko esamolde informal bat da, norbaiten emozioekin edo aldartearekin erabat identifikatzen garela adierazteko erabiltzen dena. Baina zer gertatzen da norberaren aldartearen gorabeherek ingurukoekin ditugun harremanak kolokan jartzen dituztenean? Horixe da, hain zuzen ere, Big Mood telesailak aztertu nahi duena. Movistar Plusen ikusgai dagoen komedia britainiar horrek osasun mentala eta laguntasuna uztartzen ditu, umorearen eta minaren arteko oreka bikainean.
Maggie (Nicola Coughlan) antzerkigile izan nahi duen 30 urte inguruko emakumea da, nahasmendu bipolarrarekin bizi dena. Eddie (Lydia West), berriz, haren betiko laguna da, aitarengandik hartutako taberna aurrera ateratzen saiatzen dena. Hamar urte baino gehiagoko adiskidetasuna dute, baina Maggie pasarte maniakoetan murgiltzen denean, bien arteko harremanean lehen arrakalak agertzen hasiko dira.
Camilla Whitehillek sortutako telesailak bi denboraldi besterik ez ditu, baina nahikoa dira Nicola Coughlanen antzezpen indartsua goraipatzeko. Beste behin, komediatik dramara igarotzeko duen gaitasun aparta erakusten du. Segundo gutxiren buruan, barrez leherraraztetik depresioaren bakardadea eta ezintasuna sentiaraztera igarotzen da. Lydia Westek ere bikain egiten du bere lana, lagun izatearen alde ez hain argitsua erakutsiz: nekea, frustrazioa eta norberaren mugak ezartzeko beharra.
Big Mood-ek ez du laguntasuna idealizatzen. Telesailak ongi erakusten du maite dugun norbait zaintzea ez dela beti erraza, eta maitasunak ez dituela zertan arazo guztiak konpondu. Batzuetan, laguntzeko borondatea ez da nahikoa. Beste batzuetan, geure burua zaintzeko, distantzia hartu behar izaten dugu. Baina noraino iristen da lagun bati laguntzeko dugun erantzukizuna? Nork zaintzen du beti besteak zaintzen dituena? Eta, aldi berean, bidezkoa al da zaintzaren zama osasun mentaleko arazoak dituen pertsonaren bizkar uztea?Â
Galdera horien atzean, umore britainiarraz baliatuz, nahasmendu bipolarrari, helduaroko ziurgabetasunei eta adiskidetasunaren mugei buruzko hausnarketa bat ezkutatzen da. Such Brave Girls gustatu bazitzaizun, Big Mood ere gustatuko zaizu. Izan ere, telesailak gogorarazten digu ezin garela beti ondo egon, ezta maite ditugun guztiak salbatu ere.Â
Â