Hilabete batzuk elkar ikusi gabe eman ostean, aspaldiko lagun taldea berriro elkartu gara. Eta asteburuan baieztatu ahal izan dut azken urtean aldaketa garrantzitsua gertatu dela inguruko hainbat enpresatan: zuzendaritza askok erabaki dute adimen artifiziala bai ala bai txertatu behar dutela. Horretarako, adituak diren aholkulariak kontratatu dituzte, eta hasi dira aztertzen nola integratu AA eguneroko jardunean.
Baina zer ekarriko du adimen artifiziala enpresa munduan masiboki txertatzeak? Lan-eraginari buruzko aurreikuspenak ez datoz guztiz bat. Aditu batzuen arabera, bost urteko epean bulegoetako lanpostu askori eragingo die, eta lanpostu galera izugarria ekarri. Beste batzuek, ordea, uste dute iragarpen horiek gehiegizkoak direla. Etorkizuna zein izango den ez dakigunez, gaurkoan bi adibide ekarriko ditugu zutabera.
Suediako ordainketa-zerbitzuen enpresa den Klarnan, laguntzaile artifiziala erabiltzen hasi ziren. Zertarako? Bezeroen arreta AAren bidez kudeatzeko. AAren eta faktore makroekonomikoen eraginez, enpresako langile kopurua 5.000tik 3.000ra murriztu zuten. Baina handik gutxira, bezeroen kexak uholde bihurtu ziren, zerbitzuaren kalitatea nabarmen okertu baitzen. Azkenean, enpresak berriro kontratatu behar izan zituen giza agenteak, arreta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Bestalde, duela pare bat aste ezaguna egin da Miranda Ebroko Bebee enpresaren kasua. AA txertatu ondoren, bertako programatzaile talde osoa kaleratu dute, eta 11 langile izatetik bi langilera igaro dira. Erabaki hori hartu ostean, enpresaren diru-sarrerak bost aldiz handitu dira.
Eta bitartean, Floridako Unibertsitateko psikiatria saileko bi ikerlarik AIRD izeneko sindrome edo marko kliniko berria proposatu dute: adimen artifizialak eragindako lan-galeraren aurrean sortzen den sufrimendu psikologikoa. Oraingoz ez da gaixotasun ofiziala, baina bai sintoma multzo baten proposamen kontzeptuala. Ikerlariek ikusi dute AAk eragindako kaleratzeak eragina duela ez soilik langileen egoera ekonomikoan, baizik eta pertsonen identitatean, zentzuan eta ongizate psikologikoan. Horregatik, gomendatu dute gai hori sindikatuetan landu behar dela, automatizazioaren arrisku psikologikoa negoziazio kolektiboetan ere kontuan har dadin.