Goizero, bizilagunak bere bi semeak eramaten ditu eskolara. Gaur ere horrela egin du. Elkar agurtu dugu eta aurrera jarraitu dute. Aita eta bi seme gaztetxoak zebrabidera iritsi dira. Auto bat ere perpendikularki iristen ari da.
Seme txikiena zebrabidea gurutzatzen hasi da. Autoak 15 urte inguru ditu. Barruan doan gidariak ez du begiratu ere egin alboetara, behera begira doa. Istripua gertatzear da. Aitak besotik oratu dio azken momentuan bere seme txikiari, eta zarataka hasi zaio gidariari. Gidariak handik metro batzuetara autoa gelditu du, atea ireki, atzera begiratu eta barkamena eskatu du. Aita oraindik urduri dago, barruko ikara ezin kendurik. Gutxi falta izan da. Segundo bakarrean gertatu zitekeen desgrazia. Zorionez, bizilagunaren seigarren zentzumenak funtzionatu du, bere barne sentsoreak martxan zeuden. Baina zer gertatzen da pertsonen sentsore horiek huts egiten dutenean?
Galdera horri erantzuteko, duela hamarkadetatik Euro NCAP elkarteak auto berrien segurtasuna ebaluatzen du. Izarren sistema baten bidez sailkatzen dira autoak: zero izarrekoak dira segurtasun mailarik baxuena dutenak eta bost izarrekoak seguruenak.
2020tik areagotu egin dute oinezkoek autoen artean gurutzatzearen edo bazterretik sartzearen arriskuen ebaluazioa. Oro har, auto berriek ADAS Gidatzeko Laguntza Sistema Aurreratuak erabiltzen dituzte oinezkoak identifikatzeko. Sistema horien barnean izaten dira kamerak, sentsoreak, datuen azterketa sistemak eta algoritmo prediktiboak. Informazio horrekin guztiarekin aurreikus dezakete autoen inguruan zer gertatuko den segundo gutxiren buruan. Autoak, nolabait, adimentsu bihurtzen dira.
Datuak kezkagarriak dira: Europar Batasunean errepideetan hiltzen diren pertsonen %20 inguru oinezkoak dira, urtero 4.000, gutxi gorabehera. Bakoitza bere izenarekin, abizenarekin eta etorkizunarekin. Oinezkoen istripu gehienak gauez edo argi gutxiko baldintzetan izaten dira. Hori dela eta, Euro NCAPek zorroztu egin du gaueko detekzio sistemen ebaluazioa.
Aipatu izan dugu auto autonomoetan mugituko direla etorkizuneko belaunaldiak. Eta zero heriotza izatea izango da helburua. Zutabean adimen artifizialaren alde ilunak izan ditugu sarri hizpide. Baina kasu honetan ekuazioa sinplea da: adimen mota honek, artifiziala izanda ere, bizitzak salba ditzake.