BERRIA egunkariak hogei urte bete zituen iaz. Azaroan aurkeztu zien irakurleei diseinu berria, paperean eta Interneten. Azaroaren 26an, Pantailen artetik izeneko igandeko tarte honek hasi zuen bidea, eta lehen artikulu haren amaieran aipatu nuen Israelek hirurogei kazetari inguru hil zituela Palestinan aste gutxiren buruan. Pasatu dira hilabeteak, eta egoerak bere horretan jarraitzen du: Israelek jarraitzen du genozidioarekin, eta, tartean, kazetari palestinar ugari ari da hiltzen. Mende honetan, inoiz ez du armada batek herrialde bateko hainbeste kazetari hil hain denbora tarte txikian. Noiz arte?
Iazko azaroan, beste alde batetik, Pablo Gonzalez kazetaria Poloniako ziega batean zuten atxilo. Pasatu da denbora. Epaiketarik ez, eta Gonzalezek preso jarraitzen du. Tamalgarria da Espainiako Gobernuaren jokabidea auzi horretan: abandonatuak ditu erabat kazetaria eta haren familia.
Gertatu dira hilabeteotan prentsa askatasunaren kontrako bestelako erasoak. Mexikon, esate baterako, hainbat kazetari hil dituzte. Bitartean, desinformazioa eta gezurren zabalkundea kezkatzeko moduko gaitzat jo dute herrialde ugaritan. Benetakoak ez diren informazio asko sare sozialetan zabaltzen dira; eta sareen artean, nabarmentzekoa da Tiktokek lortu duen presentzia. Reuters institutuaren (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) Digital News Report 2024 txostenaren arabera, 18-24 urte bitarteko gazteen artean, %23k Tiktokera jotzen dute astero informazio bila. Hori da gazte askoren iturria, beraz. Sare horretan gehien ikusten diren bideoetan, oro har, albisteak ez dituzte kazetari profesionalek ematen, baina influencer delakoei hauspoa ematen zaie han eta hemen. Zoritxarrez, hedabide serioetan ere bai.
Adimen artifiziala dabil askoren ahotan, bestalde. Argi denez, komunikabideen jardunean eragina izango du adimen artifizialak. Baina inoiz baino beharrezkoagoa izango da horren atzean zentzuzko kazetarien eskua izatea. Ziurtzat jo daiteke datozen hilabeteetan eta urteetan kazetaritzan eta ikus-entzunezkoetan adimen artifizialak hainbat gauza aldatuko dituela. Hori ikusita, legeak beharko dira. Herrialde askotan ari dira lanean eremu hori arautzeko asmoz.
Euskara, larri
Testuinguru horretan guztian, euskarazko eskaintzak pantailetan ez du hizkuntzak behar duen adina aurrerapauso eman. Azarotik hona, nabarmendu daitezkeen pausoen artean Makusi plataformaren (EITB) sorrera iritsi da. Baina gogoratu behar da ETB3 kateak %0,1-%0,2 arteko ikusle kuota baino ez duela; gainera, oraindik Makusi ez da etxe guztietan sartu. Pantailak Euskaraz mugimenduari esker, bestalde, berriki ehun film baino gehiagoren euskarazko azpidatziak jarri ditu Filmin plataformak. Euskarazko komunikabideen eremuan, nabarmentzekoa da Gipuzkoako Urola Kosta eskualdean eman duten pausoa: Urola Kostako zazpi hedabide Guka dira orain.
ETBk telebista konbentzionalean egiten duen eskaintzan, aldiz, euskarak gaztelaniaren mende jarraitzen du. Helduentzako atzerriko fikzio guztia telebista konbentzionalean gaztelaniara bikoiztuta ematen du Euskal Telebistak; Primeran-ek ezin du aitzakia izan. Denboraldi honetan, ez da euskarazko reality-rik izan, eta, aldiz, EITBk El conquistador del fin del mundo saioaren 20. aldiari eman dio hauspoa, ohiko moduan (gazteen artean ETBn gehien ikusten den saioa da). Udako berrikuntzei begiratu besterik ez dago: gaztelaniazko bi saio berri estreinatu dituzte, eta euskarazko berrikuntza bat baino ez da izan (Erromerian).
Zinema aretoetako egoera, berriz, benetan da kezkagarria. Katalunian udako film arrakastatsuenetako batzuk katalanera bikoiztuta ikusteko modua dute neska-mutikoek. Euskal Herrian, berriz, zenbat haur eta gaztetxok ikusi dituzte gaztelaniaz edo frantsesez Inside Out 2 eta Despicable Me 4 animaziozko filmak aretoetan? Milaka eta milaka dira, eta hala izango da hurrengo asteetan ere.
Euskal Herriko erakundeek aintzat hartu beharko lukete testuinguru zail horretan, ahaleginik egin gabe, euskararen biziraupenak zailtasun handiak izango dituela. Izan ere, falta dira eduki sortzaileak sareetan euskaraz jardungo dutenak, falta da ETBren aldetik euskarazko eskaintzaren aldeko estrategia sendo bat, eta falta da bikoizketaren sektorea berreskuratu eta zinema aretoetako film arrakastatsuenak euskaraz estreinatzea (ETB1en ere bai). Herri ekimeneko euskarazko komunikabideek ere behar dute babes eta laguntza gehiago, aurrera egin dezaten.
Gainontzean, euskara larri. Olaia Inziartek kanta labur batean abesten duen moduan, lehengo lepotikan burua.