Munduan zehar ez dira pertsona gutxi izan bere eguneroko bizitza alde batera utzi eta desagertu direnak, arrazoi desberdinak direla medio. Bada jende talde bat, adibidez, bere inguruko gizartearekin gustura egon ez, eta milaka kilometro egin dituena barne oreka aurkitzeko.
Bada jendea ere, bere burua mehatxatua ikusi, maletak di-da baten prestatu eta bere herritik hanka egin behar izan duena. Badira maitasun kontuengatik dena alde batera utzi, eta egun batetik bestera maitalearekin ihes egitea erabaki dutenak. Edota dezente dira momentu gogor bat sufritzen aritu eta sekta bateko kide egin direnak, balizko komunitate sendo baten partaide izateko. Horren ondoren, kanpoko loturak ebaki eta beren identitatea sektari lotu diote.
Baina gaurkoan, ez dugu kasu horietaz hitz egingo, baizik eta Japonian hain ezagunak diren Johatsu-etaz, lurrundutako jendeaz. Herrialde horretan, urtero 80.000 bat herritarrek erabakitzen dute zuzenena dela egun batetik bestera haien identitatea aldatzea eta desagertzea. Desagertu horien gehiengoa gizonezkoa den arren, ez dira gutxi ihes egitea erabakitzen duten emakumezkoak.
Desagertutako emakumeen portzentaje handi batek adierazten du genero-indarkeriagatik ihes egin duela. Gobernuaren eraginkortasunik eza eta biktimak babesteko konpromiso falta dira arrazoi nagusiak. Gizonezkoen kasuan, aldiz, gehienen zergatiak dira lan gainkarga, diru arazoak edo lanpostua galtzearen lotsa.
Asko direnez ezkutatzen direnak, horren atzean industria bat sortu da: desagertzen lagunduko dizuten enpresak. Haien zerbitzuek eskainiko dizute, adibidez, zure gauzak diskretuki lekuz aldatzea, ostatua eta lana leku sekretuetan eskaintzea, edota zure arrasto fisiko zein digital oro ezabatzen laguntzea.
2024. urteko Johatsu - Into thin air dokumentalean aipatzen da desagertuek koldartzat daukatela beren burua. Hala ere, dokumentalean agertzen den familiarteko kide baten hitzekin amaituko dugu zutabea. Bere horretan jarraitzeak baino, agian ausardia handiagoa eskatzen du dena bertan behera utzi eta hutsetik hasteak.