DBHko hirugarren mailako Teknologia eta Digitalizazioa jakintzagaiaren zazpigarren konpetentzia espezifikoak zera dio: «Teknologia modu arduratsu eta etikoan erabiltzea, (...) garapen teknologikoak gizartean eta ingurunean dituen ekarpenak eta inpaktuak identifikatzeko». Ikasmaila horretako ikasleekin, ikasturtearen lehen astean, Isaac Asimoven lana aipatu ohi dugu. Eta berak idatzitako robotikaren hiru legeak zukutzen ditugu.
Bada, aste honetan irakurri dugunak ere zientzia fikzioa dirudi. Agian ikasgelara eraman beharko nuke notizia: Albanian ministro berria dute. Ustelkeriaren aurkako ministroa izango da berau. Berezitasun batekin datorkigu ministroa: adimen artifizial sistema bat izango da. Hau da, Albaniako Ministroen Kontseiluan parte hartuko du Diella izeneko AA sistema horrek. Bere lana izango da herrialdeko kontratazio publikoak kontrolatzea.
Jakin badakigu Albanian ustelkeria kontuekin arduratuta daudela. Normala da. Baina zera gogoratu behar dugu: adimen artifizial horren atzean kutxa beltz bat baino ez dago. Hizkuntza eredu handiek huts egiten dute, ezin dute erabakiaren prozesua azaldu, eta zibersegurtasun akatsak ekar ditzakete. Zorionez, Europako Batasunean badugu AI ACT izeneko adimen artifizialaren inguruko arautegia. Albania Batasuneko parte izango balitz, Diella AA sistema horrek zailtasunak izango lituzke araua betetzeko. Gure arautegiaren arabera, azken erabakia eta erantzukizuna gizakioi dagokigu, ez adimen artifizial bati.
Euskal Herritik ez oso urrun, badugu ustelkeria kasuak kontrolatzeko informatika sistemak erabiltzen dituen hezur-haragizko erreferentea. Bere izena Jaime Obregon da. Eta bere lanaren oinarrian datu libreak daude, administrazioak eskaintzen dituenak, hain zuzen ere. Datu horiek, legez, era garbian eskaini behar dira, baina beti ez da horrela izaten. Jaimeren lana izaten da datu horiek txukundu eta herritarren esku libre uztea, ustelkeria kasuak agerian uzteko.
Genozidio eta gerren garai honetan, teknologia modu arduratsu eta etikoan nola erabili hausnartzen jarraitu behar dugu ikastetxeetan. Gaur egungo gazteak izango baitira etorkizuneko erabakiak hartu eta algoritmoak diseinatuko dituztenak. Alternatiba beste norbaitek edo zerbaitek egitea da.