Lide Hernando.
Ekografiak

Monumentu bat

2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Durangoko azokaren bueltan izan naizen urte guztietan –eta dagoeneko ez dira gutxi–, bost egunetako batean, norbaiten ahotik zera entzun izan da: egingo al diote noizbait monumentu bat Kojori?

Kojo Koldo Otamendi andoaindarraren ezizena da eta, berak ezaguna izan nahi ez badu ere, ezagutzen ez baduzu, ziurrenik, musikaria edota musikazalea ez zarelako da. Kazetari honek hamarkadak daramatza Euskal Herriko eszenaren nondik norakoak, batez ere zuzeneko musikarenak, kontatzen eta dokumentatzen. Bere ekimen propioz hasi zen, Musika Zuzenean izeneko plataformaren bitartez, gure herriko underground kulturari merezi zuen eta jasotzen ez zuen oihartzuna ematen. 2010ean jaiotako atari digital bat elikatzeaz gain, urtero-urtero, Musika Zuzenean ekimenaren postua jarri ohi du Durangoko Azokan, urtean autoekoizpen bidez diskoa ateratako artista eta talde independenteei euren lanak saltzeko leku duin bat eskainiz, ekarpen ekonomiko txiki baten truke.

Hainbat urteko ibilbidearen ostean, telebistara ere iritsi zen Musika Zuzenean-en itzala: Hamaika Telebistan saio bat du ekimenak duela hainbat urtetatik. Benetan gomendatzen dizuet saio hauek ikustea, eta ez soilik musikazaleak zaretenoi: modu xumean ekoitzitako saioa den arren, daukaten horrekin oso atal duinak eraikitzen dituzte, eta gure musikaren hainbat harribitxi ezagutzeko aukera ematen dute. Garai gris hauetan, fama duenaren gaineko fokuak biderkatu eta ez duten horien itzala trinkotzeko joera dagoen honetan, esan beharrik ez dago horrelako ekintzaileenak bezalako esfortzuek oraindik gehiago balio dutela. Ez dirudi zaila, berez, musikaren industrian gabiltzan guztiok modu horizontalean tratatzea, ezta? Baina badirudi baietz. Eta, ustezko zailtasun horren ondoan, Otamendiren eta egun duen ekipoaren lanak Equipo de Investigación saioaren parekoa irudi lezake.

Badakigu, Kojo, zuk ez duzula monumentu bat nahi. Egoa baino arrazoi pisuzkoagoak izan zenituen eta dituzu Musika Zuzenean ekimena sortu eta mantentzeko. Ez dut zure irudia glorifikatu nahi; zuk egiten duzun lanaren garrantzia goraipatu eta, ahal balitz, jende gehiagok egin dezan eskatu baizik. Utzidazu, behintzat, artikulu hau baliatzen musikari askoren partez gure eskerrik beroenak emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.