Hitzaldi bat, mahai inguru bat edo beste ekitaldi bat antolatu nahi izaten dugunean, zenbatetan esan digute ez dagoela horretaz edo hartaz hitz egin dezakeen emakume aditurik? Edo, egon badagoela agian, baina ez dutela ezagutzen, eta, beraz, gizon baten erreferentzia ematen digute berriz ere… Duela hamar urte, Mentxu Ramiro Araujok pentsatu zuen bazela ordua emakumeak eta haien ekarpenak ikusgai jartzeko gero eta jende gehiagok informazio iturritzat hartzen zuten hartan, Wikipedian, eta WikiEmakumeok proiektua bultzatu zuen. Egun, hainbat herritako lagun taldeek —gehienak andreak dira— wiki-maratoiak antolatzen dituzte, non zientzian, kulturan, kirolean, aktibismoan, eta abarretan adituak eta arituak diren emakumeen biografiak wikian sartzen dituzten.Â
Horietako talde bateko partaideak dira Izaskun Madariaga Iragorri, Josune Igoa Frantxes eta Jaione Ugaldebere Sarasua, Oiartzun Irratiko Andriak plazara! saioaren egileak. Hilero, Wikipedian sartzen dituzten emakume oiartzuarren biografiak azaltzen dituzte, berezitasun batekin: dagokion hilabetean jaiotakoak dira aipatzen diren guztiak. Dagoeneko, emititu dituzten hamar ataletan 81 andreri buruz hitz egin dute; oso garrantzitsutzat jotzen baitute, idazteaz gainera, haien bizitza eta obra ezagutaraztea. Denetarik dago, eta zenbait Oiartzunen sortuak ez badira ere, herriarekin lotura zuzena dute; finean, edonon jaio arren, pertsonek nongoak diren erabakitzen baitute. Baten batek, seguru, sorpresa hartu du dagoeneko bera aukeratua izan dena ikustean, eta emakumeen kasuan askotan gertatzen denez, pentsatuko du ez duela bertan egoteko behar besteko meriturik. Azaroan eta abenduan gehituko direnek osatuko dute urteko uzta…, baina espero dut hor ez amaitzea eta emakumeen zerrenda gero eta handiagoa izatea, guztiz beharrezkoak baitira honelako iniziatibak, izendatzen ez dena ez baita existitzen.
Aspergarriak ez izateko nahia azaldu zuten estreinako saioan, eta, dudarik gabe, interesa piztea lortzen dute. Imajinatzen dut are jakin-min handiagoa izango duela entzule oiartzuarrak, emakume horien bizitza eta ekarpena argitara ateratzen direnean, auzoan, plazan dagoen talentua ere agerian geratzen baita, kale izendegian eta tokiko historian askotan ezkutuan egon ohi dena. Beraz, itxierako bertsoan abesten duten moduan: «Gora wikiemakumeok, guria da hitza!».